Osakidetzari Bizkairako garbitegi publikoa martxan jartzea eskatu dio LABek
Lakuako Osasun sailak Bilbon duen egoitzaren aurrean mobilizatu da astelehen honetan LAB, Osakidetzari Bizkaia osorako garbitegi publiko bat martxan jartzea eskatzeko. Osakidetzako ikuztegiko eta lentzeriako zerbitzu gehienak pribatizatuta daude.
Osakidetzari Bizkaia osorako garbitegi publiko bat martxan jartzea eskatzeko elkarretaratzea egin du astelehen honetan LABek Lakuako Gobernuaren Osasun sailak duen egoitzaren aurrean. Osakidetzako ikuztegiko eta lentzeriako zerbitzu gehienak pribatizatuta daude. Bizkaian, Barrualde ESIak bakarrik mantentzen du garbitegi publikoko zerbitzua Galdakaoko Ospitalean; gainerako ESIetan, berriz, enpresa pribatuak arduratzen dira uniformeak eta ospitaleratutako pertsonentzako oheko arropa garbitzeaz eta kudeatzeaz.
«Beste behin ere, Osakidetzaren funtzionamendu egokirako oso garrantzitsua den zerbitzua, etekina ateratzeari zerbitzuaren kalitateari baino gehiago erreparatzen dioten esku pribatuetan utzi da. Izan ere, zerbitzu pribatizatuta daukaten ESI horietan guztietan arazo ugari sortu dira, bai uniformerik ez izateagatik, txarto garbiturik egoteagatik edota ospitaleratutako pertsonentzako oheko arropa eta manta faltagatik. Azken adibidea Bilbo-Basurtu ESIan dugu, non zerbitzua Ilunion enpresak ematen duen. Enpresa hori ez da behin eta berriz hitzartutako kalitatea eta zerbitzua betetzen ari, eta, aurretik ere beste ESI batzuetan, hala nola Santa Marinan eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetan, arazoak ere sortu ditu», azaldu du LABek.
«Osakidetzako zuzendaritzak osasun publikoaren pribatizazioaren aldeko apustu garbia egiten jarraitzen du. Iurretako plataforma logistiko baten lizitazioarekin edo Boroako biltegiarekin ikusten ari gara egunotan. Zerbitzu horiek guztiak Osakidetzako langileek ondo baino hobeto eman ditzakete, kalitate eta segurtasun handiagorekin eta kostu txikiagoarekin. Arazoa da horrela diru publikoaren iturria moztuko litzaiekela enpresa lagunei. LABek 160 milioi euroko balioa duten pribatizazioak geldiarazi ditu gaur arte Osakidetzan», gaineratu du sindikatu honek.
LABek nabarmendu duenez, 2008an Osakidetza zuzendaritzak mahai sektorialean Bizkaian ikuztegi publiko bat izan behar zela onartu zuen.
Zehazki, LABek eskakizunen hauek luzatu dio Osakidetzako zuzendaritzari. Alde batetik, Bilbo-Basurtu ESIan Ilunionekin egindako kontratua bertan behera uztea. Bestalde, pribatizatuta dagoen ESIetan ikuztegiko eta lentzeriako zerbitzua publiko bihurtzeko prozesua abian jartzean. Azkenik, mahai sektorialean hitzartutakoa betetzea eta Bizkairako garbitegi publiko bat abian jartzea, Galdakaoko Ospitalean dagoen ikuztegi publikoko zerbitzua mantenduz.