INFO

626 erreklamazio aurkeztu dituzte Legebiltzarrean Ataunen sendagilerik ez dutela salatzeko

Medikuak Ataunen plataformako kideak Gasteizko Legebiltzarrean izan dira astearte honetan herrian sendagilerik ez dutela salatzeko. 626 erreklamazio aurkeztu dituzte osasun zerbitzu duina aldarrikatzeko.

Medikuak Ataunen plataformako kideak Gasteizko Legebiltzarrean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Duela hilabete ingurutik, baja bat eta lekualdatze bat tarteko, Ataunen ez daukagu sendagilerik». Hala adierazi dute Medikuak Ataunen plataformako kideak Gasteizko Legebiltzarrean. Bertan aurkeztu dituzte 626 erreklamazio, jada Osakidetzari bidali dizkiotenak.

«Erreklamazioen ondotik, baina, administrazioko erantzun gutuna jaso dugu, prepotentziaz eta gezurrez jantzita: Ataunen medikuntza zerbitzua bermatuta omen dago, lehen arreta zerbitzu osoa hankapetik pasa dutenean. Eta honekin konformatzea nahi dute, isil gaitezela, utz ditzagula bakean», nabarmendu dute.

Gogoratu dutenez, «gure herriak bi kontsultategi izan ditu, bakoitzean mediku banarekin, bigarrena herritarrek euren poltsikotik ordaindu zutenetik. Eta izan dugu, bai, haien beharra. Herri zabala da gurea, sakabanatua, adineko jende asko bizi zaigu, sarri baserrietan; etxez etxeko zerbitzua eta bertako kontsultategia giltzarri dira halako orografiadun zonaldeetan zaintza ziurtatzeko».

«Agerikoa da honelako herri baten zerbitzua erdi estaltzeko albokoarena itotzea biderik zuzenena dela erdipurdiko bi izateko. Medikuak ezaguna behar du, gertukoa eta konfiantzazkoa, herritarrok ezagutuko gaituena eta herritarrok ezagutuko duguna. Aldiro aldatzen bazaigu, edo sendagile bera mila herritan badabil, nola egin dezakegu konfiantzazko harremanik aldiroko ezezagun horrekin?», galdetu dute, eta nabarmendu dute arazoa egiturazkoa dela, «ez langilearena».

Diotenez, «horren aurrean bada pribatura jo behar izan duenik ere, publikoak haien beharrak asetzeari utzi diolako. Ahal izan duena, noski: ezin duenak hala moduzko osasuna beharko du, zaintza bermatzea zegokionak berak pribatizazioaren aldeko apustua egin baitu. Baina honetan ere, jokoa ez da errenta, ez dugu onartuko geure osasuna ezbaian jartzerik erantzuleak euren lana egiteko gai izan ez direlako».

«Beraz, ataundarrok, nazkaturik, osasun zerbitzu duina exijitzen dugu, kalitatezkoa eta publikoa: herri duina gara, langilea, eta beste edonori bezala, geuri ere eskubideak errespetatuko zaizkigu. Ez dugu onartuko, gaiztoz ala utzikeriaz, inoren kalkuluetan bigarren mailako herritarrak izaterik», azpimarratu dute.