INFO

Didier Lafitte gogoan izanen dute otsailaren 26tik martxoaren 3ra Donibane Lohizunen

Frantziar Poliziak Didier Lafitte Iparretarrak (IK) erakundeko kidea hil zuenetik 40. urtemugara «arrantzale maitagarriaren» oroimena bizirik atxikitzeko aste osoko egitaraua antolatu dute otsailaren 26tik martxoaren 3ra Donibane Lohizunen.

Didieren lagunak elkarteko kideak, gaur goizean, Zibirun antolaturiko prentsaurrekoan. (Patxi BELTZAIZ)

Didier Lafitte Iparretarrak (IK) erakunde armatuko kidea hil zutenetik 40 urte betetzen dira aurten.

Baionako justizia jauregiaren inguruan, Areatza auzoan, hil zuen polizi batek Lafitte, 1984ko martxoaren 1ean.

22 urte zituen militante abertzaleak bizkarrean tiro bakarra jaso zuen IK-ko beste kide bat, Gabi Mouesca, atxilotzeko Poliziak garatu zuen operaziaren testuinguruan.

Lafitte arrantzalea zen eta bere heriotzak zirrara handia eragin zuen Donibane Lohizunen.

Pascal Lafitte bere anaiak gaur Didier Gogoan Omenaldia aurkezteko agerraldian nabarmendu duenez «bere engaimenduarengatik prezio zinez karioa ordaindu bazuen ere bere oroimena herrian delarik, bere ideiak bizirik direlarik, finean 22 adineko gazte hura bizirik da».

Gabi Mouescaren lekukotasuna

Otsailaren 13 honetan Ziburun antolaturiko prentsaurrekora bertaratzekorik ez badu ere, Lafitteren heriotzaren lekukoa izan zen Gabi Mouescak idatzia utzi du bere kontakizuna.

IK-ko militanteak eta frantses Poliziaren artean ez zela ez gatazkarik ez da tiro trukaketaruik ere izan agerian jarri du Iparretarrak talde armatuaren kide ohiak.

«Arma tiro batek era bakar batek urratu zuen negu ilunabar hasiera hartan Baionako Les Arenes auzoan zegoen isiltasuna eta frantses polizia baten arma batetik zetorren», azaldu du Mouescak gutun horretan.

Autoa gidatzen ari zelarik hil zutela Didier azaldu du Mouescak. Hau da, lohizundarrak «han zegoen funtzionarioarentzat arrisku izpirik ez bazuen sortzen ere», Lafitteri «nahitarat, bizkarrean tiro egin zion frantses polizi batek».

«Erailketa bat da, Frantziako agintari politiko eta judizialek ukatu egin dutena», gehitu du, Didier Lafitten memorian antolaturiko ekimenean parte hartuko zuen IK-ko militante ohiak.

Agerraldian parte hartu duen Terexa Mitxelenak irakurri du Mouescaren idatzi hori, ondoren «erailketa politiko baten autopsia» errepresioaren aurkako taldeek akuilaturiko inkestaren ibilbidea laburbildu duela.

1985ko azaroan eginiko auzian Didier Lafitten heriotza eragin zuten ekintzengatik «segurtasun indarren aurkako bortizkeriengatik» kondenatu eta hiru urteko kartzela zigorra jaso zuen Gabi Mouescak. Auzian xuritua izan zen Didier tiroz hil zuen, ordea, Martinez inspektorea.

 Arrantzale Maitagarri Eguna

Azken hamarkadetan aldiro aldiro markatu badute ere Lafitten heriotzaren urtemuga, 40 urte betetzen direlarik, momentu berezia markatu nahi izan dutela azaldu du Manu Irigoyenek.

Didieren lagunak elkarteko kideak zehaztu duenez militante lohizundarraren memoria betikotzeko antolaturiko aste osoko egitaraua.

Otsailaren 26an, 21.00tan, Le Select zineman ‘Generation autonomistes basques’ filma eskainiko dute. Ondoren hitz trukaketa proposatua delarik Sylvie Garat egilearekin.

Otsailaren 28an, 20.30tan, Donibane Lohizuneko La Grillerie du Port gelan ‘1980ko gazteria eta gaurkoa’ mahai-ingurua iraganen da.

Garaiko eta gaurko gazteen asmo eta bizipenen gaineko iritzi trukaketa izanen da.

Martxoak 1ean, Lafitte hil zutenetik egunez egun 40 urte betetzen direnean, Didieren aldeko omenaldia eginen dute, 19.00tatik aurrera, Luis XIV plazan.

Finean, martxoaren 3an Arrantzale Maitagarri Eguna iraganen da. Hala, 11.00etan hitzordua emana da bere izenarekin berbatailaturiko plazan. Handik oso urrun ez dagoen Didieren aldeko estelaren aitzinean ekimen xumea antolatua da.

14.00tean herri bazkaria eginen dute Ziburun. 18.00etatik aitzin plaza girotuko duen kontzertu batekin amaituko da Didier Gogoan Omenaldia.