INFO

Jose Mari Esparza editore eta idazlea, aurtengo Monzon-Ganuza saria

Jose Mari Esparza (Tafalla, 1951) idazle eta editoreak jasoko du Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak sortutako ‘Monzon-Ganuza. Euskal Utopikoei saria’. «Esparza moduko erreferenteak behar ditugu iparra ondo zehazteko», Gorka Artola alkatearen esanetan.

Gorka Altola alkatea eta Iratxe Esnaola, sariaren irabazlea iragarri den ekitaldian. (Endika PORTILLO | FOKU)

Bere laugarren edizioan, Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak ematen duten ‘Monzon-Ganuza. Euskal Utopikoei Saria’ euskal kulturaren izen nabarmen bati ematea erabaki da. Jose Mari Esparza idazle eta editore tafallarrak jasoko du saria, astearte honetan Bergarako alkate Gorka Artola Alberdik eta Olaso Dorrea Fundazioko presidente Iratxe Esnaola Arribillagak Olaso Dorrean, Telesforo Monzonen jaiotetxean, eskainitako prentsaurreko batean jakitera eman dutenez.

Martxoaren 7an Bergarako Seminarixoan, 18.30etatik aurrera, egingo den ekitaldi publiko batean jasoko du Esparzak merezitako saria.

Bergarako alkatearen hitzetan, «belaunaldi berriok ez dugu ahaztu behar Jose Mari eta besteei esker jaso dugun oinordetza. Bizitza guztian Euskal Herriaren alde lan egindakoa da Jose Mari esparru ezberdinetan. Haren lanek euskal gizartea, hizkuntza, eta kultura ikuspegi berri batetik argitzen dute, eta gure ardura da lekuko hori jasotzea».

«Urrunetik gatoz eta urrunera goaz, eta bide horretan Jose Mari Esparza moduko erreferenteak behar ditugu iparra ondo zehazteko. Batzuetan Gipuzkoatik hain urrun ikusten dugun Nafarroa hegoaldeak erakusten digu Euskal Herriak baduela etorkizuna, baina ez dela erraza izango», gehitu du bere hitzartzean Artolak.

Euskal kulturgintzari bizi osoko ekarpena

2021ean, Telesforo Monzon hil zeneko 40. urteurrenaren testuinguruan, sortu ziren Monzon-Ganuza sariak. Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzea du helburu Monzon-Ganuza sariak. Lehenengo saria Libe Goñi Garate Seaskako lehen irakasleari eman zitzaion, eta bigarrena Jose Luis Elkorori eta Mari Karmen Aiastuiri. Iazkoa, berriz, Xabier Amuriza bertsolariak jaso zuen.

Kasu honetan ere, Esparzak bat egiten du Monzon-Ganuza sarituak aukeratzeko erabili ohi diren printzipioekin, eta euskal kulturgintzari bizi osoko ekarpena egin izana goraipatu dute Esnaolak eta Artolak.

Langilea, sindikalista, kulturgilea

Iruñeko salestarren eskolan egin zituen ikasketak eta 17 urterekin hasi zen lanean, orduan Luzuriaga eta orain Fagor Ederlan deitzen duten fabrikan. 20 urtez aritu zen metalgintzako langile eta sindikalista bezala, langileen eskubideen defendatzaile. Fabrikan erabili zuen lehen aldiz inprenta bat eta bertan ikasi zuen panfletoak egiten, ‘Fusión obrera’ aldizkari klandestinoan.

Gero editore bezala egingo zuen lana orduan hasi zela esan du sarritan eta bere argitaletxea sortu zuenean ere panfletoak egiten jarraitu zuela, hitzekin eta ideiekin gizartea eraldatu daitekeela sinetsita, eta bokazio politiko berberarekin. Luzaroan, Jose Mari Esparza fabrikan lan egiten zuen editore militantea izan zen.

1987an, eta Juanjo Marko lankidearekin batera, fabrikako lana uztea erabaki zuen eta Tafallan bertan, Altafayllan erakutsitako izpiritu militante berberarekin, argitaletxe euskaldun, aurrerakoi, profesional eta abertzale bat zabaltzea. Arbasoek komunikatzeko erabiltzen zuten perkusio-tresnaren izena jarri zioten, Txalaparta. Denborarekin, Tafallako euskal argitaletxea, Euskal Herriko argitaletxe historiko bilakatuko zen.

2018an, eta editore bezala Txalapartan egindako lana oinarri hartuz, ‘Apología. Memorias de un editor rojo-separatista’ (Txalaparta, 2018) liburu biografikoa idatzi zuen eta Iparragirreren kantu ezaguna Euskal Herriko ereserki bihurtzeko mugimenduari bultzada eman zioten bi liburu publikatu ditu berriki, ‘Biografía del Gernikako Arbola. Himno de Euskal Herria’, (Txalaparta, 2020) eta ‘Gernikako Arbolaren biografia’ (Altaffaylla 2020).

Azken hilabeteotan, amaitzear zituenak bukatzen ari dela iragarri du Esparzak eta amaitzen dituenean, guztira, 30 bat liburu izango dituela argitaratuta. Azken Durangoko Azokan aurreratu zion NAIZi zein izaten ari den bere azken lana: ‘Imago Vasconiae’, Euskal Herriko atlasa.

Liburuez gain, ehunka artikulu idatzi ditu prentsan eta mugimendu politiko askotan parte hartu du, modu esanguratsuan, besteak beste, Elizaren inmatrikulazioen kontrako kanpainan. 

Azken urteetan bezala, Esparzari eskainiko zaion saria euskal artista batek landuko du, eta, nor izango den erabakitzeko, aditu talde batek proposamen ezberdinak aztertuko ditu. Xabier Agirre, Jesus Mari Lazkano eta Mikel Lertxundi izango dira.