INFO

Lege berria Ekai gaztearen heriotzaren urteurrenean onartuko dela nabarmendu du Naizen-ek

Ostegun honetan «pertsonak transak ez baztertzeari eta haien eskubideak aitotzeari» buruzko lege aldaketa onartuko dute Gasteizko Legebiltzarrean. Egun berean, sei urte beteko dira Ekai gazteak bere buruaz beste egin zuela, Naizen elkarteak gogora ekarri duenez. Bertan egongo da ordezkaritza bat.

Ekai Lersundiren heriotza salatzeko elkarretaratze bat. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteko familiak Gasteizko Legebiltzarrean izango dira ostegun honetan, 2012ko legearen aldaketa onartuko den egunean eta Ekai Lersundi gazte ondarrutarrak hormonen tratamendu baten zain zegoela bere buruaz beste egin zuen egunaren seigarren urteurrenean.

Elkarteak ohar batean azaldu duenez, agerraldiaren helburua «gazteak amestu zuen agertokoa lortzeko urrats gehiago emango dela ospatzea» da.

«Legearen aldaketak suposatuko dituen aurrerapenek gertuko osasun arreta bermatu beharko dute, psikiatrizaziotik urrun», adierazi dute. «Ondorioz, erabltzaileek ez dute jasan beharko Ekaik bizi behar izan zuen egoera protokoloaren trabak zirela eta, espero zuen tratamendua inoiz ez baitzitzaion iritsi», gaineratu dute familiek.

Bestalde, lege berriak irakasleei eta administrazioko langileei formakuntza emateko beharra jasoko duela nabarmentzen dute. Moldaketak Gasteizko Parlamentuko alderi guztien babesa daukala gogorarazi dute, PPkoarena izan ezik.

Erreformak trans pertsonek beren beharretara egokitutako arreta integrala jasotzeko eskubidea bermatzeko neuri berriak jasotzen ditu, bai familian, bai hezkuntzan, osasunean, administrazioan, lanean, kulturan, kirolean, aisialdian, segurtasunean eta justizian.

Era berean, legeak Osakidetza behartuko du transexualitateari arreta emateko gutxienez hiru zerbitzu eskaintzera, bat lurralde historiko bakoitzeko, Lehen Mailako Arretako sarearen barruan. Osasun-prestazioak ere ezarriko dira, transexualek arreta integrala eta egokia jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.