INFO

Podemos, Sumar, IU eta Equoren arteko zerrenda bateratua eskatu dute hamarnaka militantek

Podemos, Sumar, Ezker Anitza eta Berdeak-Equo alderdietako 50 militante eta jarraitzaile baino gehiago bildu dira EAEko hauteskundeei begira haien arteko batasuna sustatzeko. «Ezin dugu Galiziako bide berbera jarraitu», adierazi dute «kezkaturik».

Podemos, Sumar, Ezker Anitza eta Berdeak-Equo alderdietako militante eta jarraitzaileen asanblada. (NAIZ)

«Esparru politikoa indartzeko konpromisoa dugu, eta lau indar horiei negoziazio mahai batean berriro biltzeko eskatzen diegu, Eusko Legebiltzarrean arlo publikoaren defentsa hautsiezina ahalbidetuko duen zerrenda bateratu bat eratzeko», adierazi dute Podemos, Sumar, Ezker Anitza eta Berdeak-Equo alderdietako 50 militante eta jarraitzaile baino gehiagok Bilbon egindako agerraldi batean.

Podemos eta Sumarren arteko negoziazioek denbora daramate blokeatuta, eta badirudi Gasteizko Parlamentuko hauteskundeetara bereizita aurkeztuko direla. Izan ere, duela bi aste, Sumar mugimenduko, Ezker Anitza-IUko eta Berdeak Equoko ordezkariek akordio bateratu bat sinatu zuten Alba Garcia lehendakarigai gisa aurkezteko. Akordio honek kanpoan utzi zuen Podemos. Azken alderdi honek Miren Gorrotxategi izendatu du lehendakarigai gisa.

Desadostasun honen aurrean, «kezkaturik» agertu dira hainbat militante, ‘Saia zaitezte berriro!’ dokumentuan: «Urteetan partekatu duten esparru politiko komunaren haustura aurreikuspenaren aurrean kezkaturik gaude. Aliantza hori hautsita, ahuldu egiten dira Euskadirako gure proposamen sozial eta ekonomikoak bultzatzeko aukerak».

«Galizian, indarren banaketak ezker konfederala Galiziako Legebiltzarretik kanpo utzi zuen hauteskundeetako hondamendia errepikatzeko bidean da, eta Euskadin, espazio politikoa ondo ezarrita dagoen honetan, ezin dugu bide bera jarraitu», adierazi du militanteetako batek.

Hala ere, oraindik denbora dagoela azpimarratu dute eta alderdiei dei egin diete «berriro saia daitezen, berriro bil daitezen, eta bideratzaile batzuek lagunduta, eskuzabaltasunez eta errealismoz gaindi ditzaten beren desberdintasunak, eta, horrela, espazio honek osatutako aniztasunaren pareko hauteskunde batasuna lor dezaten».

Sinatzaileek hitz eman dute «ekintza bateratuak egingo dituztela, kanpotik alderdien zuzendaritzak presionatzeko eta batasuna sustatzeko».

Ekimen honen sustatzaileen artean, Sabin Zubiri Rey eta Imanol Zubero daude.