Gaizka Astorkizaga espetxeratu dute, Auzitegi Nazionalak ezarritako bi urteko zigorra dela-eta
2023an Auzitegi Nazionalak epaitu egin zuen Gaizka Astorkizaga bilbotarra, Valentina Morisolirekin batera, hainbat ekintza leporatuta. Bi urteko espetxe zigorra ezarri zion eta, ‘Gedar’ atariak jakinarazi duenez, atxilotu eta Zaballako espetxera eraman dute ostiral honetan.
Gaizka Astorkizaga bilbotarra Zaballan espetxeratu dute, ‘Gedar’ atariak sare sozialen bidez jakinarazi duenez. 2023ko ekainean epaitu zuten espainiar Auzitegi Nazionalean eta bi urteko espetxe zigorra ezarri.
Valentina Morisolirekin batera atxilotu zuten Astorkizaga 2020an, Iñaki Bilbao eta Patxi Ruiz presoek gose greba egin zutenean izan ziren hainbat ekintzarekin lotuta. 2021ean aske geratu ziren biak ala biak, bederatzi hilabetez behin-behineko espetxealdia pairatu ostean. Iazko ekainean epaitu zituzten eta «desordenak» leporatuta, bi urteko kartzela zigorra ezarri zion Auziegiak.
2020an Ean izandako beste ekintza bat dela-eta ere epaitu egin nahi du Auzitegi Nazionalak. 18 urteko espetxe zigor eskaria egin du Fiskaltzak, ‘Gedar’-ek jakinarazi duenez.
Aurretik ere ia lau urtez egon zen espetxean Astorkizaga. 2012ko uztailean, Entzutegi Nazionalak igorritako atxilotze aginduaren ostean, Eleak mugimenduak deitutako mobilizazio baten ostean Bilboko Auzitegietan kateatu zen bizkaitarra. Bertan atxilotu zuen Ertzaintzak.
Lau urte beranduago geratu zen aske, Topaseko espetxea atzean utzita, zigorra oso-osorik bete eta gero.