Hitzak hitz
Gero eta nabariagoa da Gazan Israel egiten ari den sarraskiaren inguruan Nazioartearen egonezina. Europako Batasunak Israelekin duen Elkartze Akordioa bertan behera uzteko eskatu dute Estatu espainolak eta Hego Irlandak, oinarrizko giza eskubideak betetzen ez direlako. Belgikako auzitegi batek Gaza bonbardatzeko Israelgo Armadak baliatzen duen F-35 hegazkinetarako piezak saltzeari uzteko exijitu dio Gobernuari, grazia handirik egin ez dion arren.
Estatu frantsesa bezala, Alemaniako Gobernua ere gero eta kritikoagoa da Israelek Rafah-ren aurka iragarri duen erasoaldiarekin, baina ez dirudi EBean erabakitzeko ahalmena duten bi handiek zerbait egiteko asmoa dutenik. Badirudi barneko iritzi publikoek gero eta ozenago agertzen duten haserreak bultzatuta ari direla. Eta Austriak eta Txekiar Errepublikak, Italiaren isiltasuna ahaztu gabe, Israelen aurkako edozer neurriri betoa jarriko diotela iragarri dute.
Antzeko jarrera suma daiteke AEBetako Etxe Zurian. Hauteskunde atarian –eta milioika botoemaile musulmanei begira– Joe Biden presidentea Rafahren aurkako operazioaren kontra azaldu da eta, zurrumurruei jarraituz, Natanyahu «astakirten» bat («asshole») dela esan omen du askotan, lehen ministroari bere iritzia aldatzeko saiakeratan «kristorenak eta bi pasarazten dizkidalako». 81 urte dituen Bidenek, AEBek izan dituzten presidenterik Israel-zaleenetakoak, gazteagoa zenean, «Bibi (Netanyahuren ezizena), maite zaitut, baina esaten duzun guztiaren aurka nago», esan zion. Hitzak.
Bere aurrekoak, Barack Obamak, ere izan zituen bereak “Bibi’rekin, baina ordura arte Israelek lortu zuen laguntza militarrik handiena oparitu zion.
AEBek «astakirtenak» zuzentzen duen Gazaren kontrako erasoaldia hornitzeko aire-zubia mantentzen dute, eta Kongresuan aste honetan bertan aurkeztuko dute Ukrainari, Israeli eta Taiwani laguntza militarra bideratzeko Senatuan onartu berri den aurrekontua. Zubi hori etetea nahikoa litzateke sarraskiarekin amaitzeko. Soilik izoztea ere seinale sendoa litzateke Netanyahurentzat eta ultraeskuineko bere kideentzat.
Bitartean, Israelek gutxienez iragarri duen hilabetea du erasoaldia Rafahko hego muturreraino eramateko. Tartean, otsailaren 26an betetzen da Nazioarteko Justizia Gorteak, Hegoafrikaren helegiteari jarraituz, Israeli genozidioa ekiditeko eskatu zizkion neurriak aurkezteko hilabeteko epea. Israelek garaiz erantzun dio, Rafahko operazioa iragarriz eta Hamasi genozidioa leporatzeko Hagara bidali zuen bahituen senitartekoen ekimenarekin.