INFO
Interview
Mikel Odriozola
Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea

«Nire hiriko taldeko entrenatzaile izatea kostatu zait»

Mikel Odriozola (Donostia, 1989) saskibaloiarekin estuki lotuta dago. Teknikari donostiarrak betidanik gustuko izan du mundu hori. Gainera, duela urte batzuk biokimika lanarekin uztartzen hasi zen, baina alde batera utzi behar izan zuen. Bi funtzio horiek «kimika» berezia izan dezaketela uste du.

Mikel Odriozola, Gipuzkoa Basket-eko entrenatzailea (Andoni CANELLADA | FOKU)

Txiki txikitatik hasi zen saskibaloiaren munduan. 11 urterekin, hain justu, Askatuak taldean. Unibertsitate ikasketak egitera Bilbora joan behar izan zuen, eta Donostiako taldetik alde egin. Bizkaian La Salle Bilbo eta Paules taldeetan jokatu zuen. Azkenean, karrera amaitu eta gero, berriro bueltatu zen Donostiara, Easora –lehen Askatuak izan zena–. Beranduago Iraurgin Iñaki Jimenezen eskutik laguntzaile gisa egon zen eta aurten, Gipuzkoa Basketera iritsi da, lehen entrenatzaile moduan. «Jendeak zugan konfiantza eduki behar du eta zentzu horretan zorte handia eduki dudala esan dezaket».

Nola ikusten duzu taldea?

Uste dut taldea denboraldi polita egiten ari dela. Egia da azkenengo partidan, Tizonaren kontra, 25 puntugatik galdu genuela. Ez zen partida ona izan. Intentsitatea falta izan zitzaigun. Une honetan gehiago kostatzen ari zaigu konpetitzea, baina taldea nahiko txukun dago. Gogotsu gaude denboraldi bukaera hori ahalik ondoen bukatzeko. Gure burua play-offetan sartzea da eta, horretarako, hurrengo partidak irabazi behar ditugu.

Ostiralean 101-76 galdu zenuten Tizonaren aurka.

Tizona talde orekatua da, erritmo altuan jokatzen dute. Intentsitate eta errotazio askorekin. Gu ez ginen gai izan erritmo horretan sartzeko. Batzuetan txirrindularitzan bezala gertatzen da, gurpiletik ateratzen zaituztela eta gero ezin iritsi. Beraiek merezi izan zuten irabaztea. Azkenean, behin onartuta galdu duzula, garrantzitsuena ikastea da eta batez ere hurrengo asteari nola aurre egingo diozun jakitea.

Igande honetan Clavijoren aurka jokatuko duzue. Abenduan 20 punturen aldearekin (56-76) irabazi zenieten Errioxakoei. Nola ikusten duzu norgehiagoka?

Clavijo hor behean dago. Hasieran bi partida irabazi zituen, baina hurrengoetan asko kostatu zaie irabaztea eta orain beharra daukate. 14 jardunaldi geratzen dira eta azken aukerak borrokatu behar dituzte eta Angulas Aginagara horretara etorriko dira. Kontzentrazio aldetik ondo egon behar gara. Batez ere, beste egunean ikusitakoarekin kontziente gara ez genuela behar genuen intentsitatea atera eta hori bai edo bai erakutsi behar dugu. Hori erakusten badugu, ziur partida ateratzeko aukerak edukiko ditugula. Galdu genituen sentsazio horiek berreskuratu behar ditugu aste honetan zehar.

Valladoliden aurkako lehian Iñigo Royo jokalaria lesionatu zen. Berarekin harreman estu bat duzu, Iraurgin elkarrekin egon zinetelako. Hitz egiteko aukera izan duzue?

Iñigorekin hiru urte kointziditu nuen Iraurgin, eta tipo oso ona da. Gogoratzen naiz gau horretan bertan goizeko 02.30ean hitz egiten geundela. Astean zehar deitu nion, gero mezu pare bat gurutzatu ditugu, eta aste honetan berriro deituko diot. Badirudi ebakuntza egingo diotela. Peronea hautsita dauka eta hezurrean pixka bat kaltea dauka. Ea laster operatzen duten eta pixkanaka-pixkanaka errekuperatzen den. Lesio luzea edukiko du eta indarra beharko du.

Iñigoren ondoan egon zara hiru urte hauetan zehar. Nola ikusten duzu saskibaloian eduki duen eboluzioa?

Iñigok urratsak eman ditu aurrera. Ni iritsi nintzenean EBA mailan jokatzen ari zen Baskonian. Gero Zilarrezko Ligara iritsi, aurrerapausuak ematen hasi zen eta orain Urrezko Ligan oso ondo dabil. Ikasketak bukatu zituen eta hori jokalarientzat oso garrantzitsua da. Asko pozten naiz eduki duen eboluzioaz.

Zure lehen denboraldia da Gipuzkoa Basketeko aulkian eserita zaudela. Hasieran erronka berria izan zen zuretzat. Denboraldiaren zati honetan nola ikusten duzu zure burua?

Erronka hasieran izan zen, eta oraindik ere izaten ari da. Momentu onak eduki ditugu, baina txarrak ere iritsiko dira. Denboraldi batean, normalean, dena ondo ateratzea zaila da. Ikasten joan behar gara, urratsak eman behar ditugu. Bide horretan goaz. Nahiko lasai nago, baina “alerta” egoera puntu hori eduki behar dugu. Denboraldia doan ahala hobetzen joan behar gara. Hobetzen ez badugu, horrek kaltea egingo digu. Anbizio puntu hori eduki behar dugu. Batez ere hobetzeko eta goraka joateko. 

«Ez neukan inongo intentziorik hemen bukatzeko. Ez dut inoiz amestu, baina oso polita da zure hiriko klubean egotea»

Ba al da Gipuzkoa Basketeko entrenatzailea izatea baino gehiago kostatzen zaizun zerbait?

Hasieratik oso ondo tratatu naute, bai jokalariek, bai klubak. Nire hiriko taldearen entrenatzailea izatea kostatu zait. Nahiago dut anonimato pixka bat. Badakit lanaren parte dela eta gustura egiten dut, baina beti nahiago dut itzalean egon.

Zein dira taldearen indarguneak?

Konpetitzeko jarrera ona daukala esan dezaket. Partida guztietan konpetitu dugu, Tizonaren aurka izan ezik. Jokalarien talde giroa paregabea da. Taldean «kimika» positibo hori edukitzea funtsezkoa da.

Minbiziaren Kontrako egunean mezu bat plazaratu zenuen. Biokimikan graduatua zara eta zerbait jakingo duzu horren inguruan.

Nik bakarrik mikrofonoa hartu eta laguntzeko jarrera eduki nahi dut. Jendeak asko sufritzen du. Pixkanaka-pixkanaka zientziaren bitartez tratamendu gehiago daude, ezagutza gehiago, baina minbiziak daukan gauza txarrena eboluzioa da. Ikerketetan dirua behar da. Psikologikoki pazienteak eta haien familiak tratatzeko. Gainera, gustatuko litzaidake Gobernua gehiago inplikatzea. Badakit dagoen dirua dagoela, baina osasunik gabe ez goaz inora.

Zergatik uztartu nahi izan dituzu saskibaloia eta biokimika?

Beti atera ditzakegu konexioak. Saskibaloia niretzat hobby bat izan da, eta hobby hori lan bihurtu da. Gertatzen dena da, Iraurgin laguntzaile gisa egon nintzenean, bi gauzak uztartzeko aukera nuela, baina lehen entrenatzaile bezala ezinezkoa zen biekin jarraitzea. Lan bat alde batera utzi behar izan nuen, nire hobbya zena lantzat hartzeko.

Nola pasatu zitzaizun burutik entrenatzailea izan nahi zenuela?

Txikitatik hasi nintzen jolasten Axular Lizeoan, Aitor Uriondoren partetik. 15 urte nituenean, ni jokatzen nengoela, nire entrenatzaile-laguntzaileak esan zuen: «Bihar entrenamendua amaitzen denean, nork etorri nahi du laguntzera?». Ni, beste batekin batera, animatu egin nintzen eta horrela hasi zen nire ibilbidea. Ez neukan inongo intentziorik hemen bukatzeko. Ez dut inoiz amestu, baina oso polita da zure hiriko klubean egotea.

Zergatik Gipuzkoa Basket eta ez beste talde bat?

Alde batetik, nire etxekoa delako. Hasieratik izan zuten konfiantza nigan, eta ateak zabaldu zizkidaten. Beste leku batzuetan, ordea, ate horiek ez ditut irekita. Oso gaztea naiz, ez daukat esperientziarik. Horregatik, hemen, etxean konfiantza eduki dute nigan, bai Jose Luis Zubizarretak “Xubi”-k [GBC-ko kirol zuzendaria], bai eta Nacho Nuñezek ere [presidentea].

Nolakoa izan da Easotik Gipuzkoa Basketera pasatzea? Nola bizi izan dituzu urte guzti hauek klub desberdinetan?

Eason urte asko egon naiz. 11 urterekin hasi nintzen, Askatuak zen oraindik. Gero Bilbora joan nintzen karrera ikastera eta La Salle Bilbo eta Paulesen egon nintzen. Azkenean, karrera amaitu eta gero, berriro bueltatu nintzen Easora. Beranduago, Iraurgin Iñaki Jimenezen eskutik laguntzaile gisa jardun naiz eta hortik Gipuzkoa Basketera. Ibilbide polita izan da, presiorik gabe, gehiago pentsatu gabe. Pixkana-pixkana aukerak aprobetxatuz. Gustora nago eta saiatzen naiz zehazten nondik natorren. Batzuetan zortea eduki behar duzu, jendeak zugan konfiantza eduki behar du eta zentzu horretan zorte ona eduki dudala esan dezaket.

2018tik 2020ra bitartean Euskal selekzioan aritu zinen,  gizonezko eta emakumezkoen gazte kategorietan. Zein ondorio ateratzen dituzu ibilbide horretatik?

Etapa polit bat izan zen. Desberdina. Beti izango dut gogoan haurrek adin horretan duten ilusioa. Zenbat disfrutatzen duten. Hau da, saskibaloiaren purutasuna. Emozioak pil-pilean ikusten dira: alaitasuna, negarrak, haserreak, eta abar. Askotan, txikitan genituen emozio batzuk galtzen ditugu. Batzuk galdu behar ditugu, baina beste batzuk, ordea, ez. Oroitzapen onak ditut.

«Taldean ‘kimika’ positibo hori edukitzea funtsezkoa da»

Nola ikusten duzu Gipuzkoako saskibaloiaren harrobia?

Azken urteetan, goraka zoazenean deskonektatzen duzu. Ez daukazu hainbeste denbora. Nire ustez, Gipuzkoako saskibaloiaren harrobiaren inguruan hitz egiteko kapaz direnak han behean daudenak dira. Zorionez hortik atera naiz eta gauza asko ezagutzen ditut, baina orain daukagun egunerokoa ez da pandemian aurretik zegoena. Gainera, pandemiaz geroztik ni ez naiz hor egon. Noizean behin laguntzera joaten naiz. Pandemiak, nire ustez, inpaktua eduki du gauza askotan. Bestalde, Gipuzkoan gauza on bat daukagu. Herri asko daude kirolarekin konprometituta. Hau da: Ordizian errugbia, Zarautzen eskubaloia eta futbola, Irunen eskubaloia, Hondarribian arrauna, Azpeitian futbola, etab.

Gipuzkoatik saskibaloi jokalari «onak» atera dira.

Bai. Dario Brizuela daukagu Barçan eta hori da erreferente nagusiena. Txikitatik ezagutzen dut. Hemen baditugu beste batzuk: Xabi Oroz, Aitor Zubizarreta, Mikel Motos, Manex Ansorregi, Mikel Sanz, Ierai Azpitarte, Gaizka Maiza, Xabi Beraza, Jon Larrea, etab. Lan handia egin dute dauden lekura iristeko.

2022-2023 denboraldian Iñaki Jimenezek ibilbidea bukatu ondoren, Iraurgiko entrenatzaile nagusi gisa sinatu zenuen.

Eskerrak eman nahi dizkiot Iñakiri. Berak atea ireki zidan. Azken finean, aita izan zen eta lehentasunak aldatzen dira. Bi sentimentu mota izan nituen une hartan. Alde batetik, alaitasuna eta bestetik, beldurra. Ez duzu uste kategoria horretan entrenatuko duzunik. Gauza positibo asko atera nituen etapa horretan. Negatiboak ere bai. Orain hemen gaude. Pozik eta kontziente lan asko egin behar dela jakinik. 

34 urte dituzu, eta gero eta entrenatzaile gazte gehiago daude saskibaloi munduan. Nola ikusten duzu egoera?

Maila honetan entrenatzailea izateko gaztea naiz, bai. Bi gauza argi atera behar ditut horretatik. Lehenbizi, asko ikasi behar dudala oso gaztea naizelako, eta bestetik, ardura. Entrenatzaile gazteek ez ditugu aukera asko izaten; orduan guk ardura hartu behar dugu, klubei erakusteko merezi duela entrenatzaile gazteen alde apustu egiteak.