INFO

Atzerapausoak atzeman ditu Talaia Feministak, baina feminismoaren gaitasunetan da itxaropena

Talaia Feminista Uneak 2023. urtea aztertu du begirada feminista eta subiranistarekin eta alde positiboak zein negatiboak antzeman ditu: kezkagarria da ongizatearen pribatizazioa, baina itxaropentsu daude feminismoak erakutsi duen borrokarako gaitasunarekin.

Talaia Feministak Errenterian egin duen gogoetarako saioaren irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Talaia Feministak gogoeta espazio erraldoia osatu du larunbat honetan Errenterian. 2023. urtea aztertu duen behin-behineko dosierraren gainean hausnartu dute 170 emakumek eta, besteak beste, ongizatea pribatizazioa, dimentsio orotako indarkeria eta krisi ekologiko geldiezina aipatu dituzte, baina baita feminismoaren indarra ere.

Hainbat eremutako 170 emakume feminista subiranista bildu dira larunbat honetan Errenterian egin den Talaia Feminista Unean. 2022ko abenduan bide hasi zuen talde hau prozesu kolektibo baten emaitza dela azaldu dute, eta iazko urtea begirada feminista eta subiranistarekin aztertu duen dosierra osatzeko bilkura izan da larunbatekoa. Aurrerantzean, dokumentu horren ondorioak eragile politiko eta sozialekin lantzeko erronka daukate, «jendarte feminista bat eraikitzera bidean eragiteko, euskal estatu feminista ortzi-mugan», azaldu dutenez.

Eguna hasteko, dosierreko ardatzen kokapena egin dute, besteak beste, eguraldia eta klima larrialdia, Greba Feminista Orokorra, bizitza garestitzea, indarkeria matxista, euskararen aurkako oldarraldia, eta abayaren debekua mintzagai hartuta. Jarraian, dosierreko ardatzen araberako lantaldeetan hausnartu dute, eta ondorio orokorrak adostu dituzte.

Maider Barañanok aurkeztu ditu larunbat honetan taldeka aletu dituzten ondorio orokorrak; hori izan da eduki berriena eta orain arteko dosierrean jaso gabekoa.

Hura osatzerakoan ikuspegi orokorra eta sistemikoa lehenetsi dute, «aztertutako gertakariak elkarlotzen direlako eta patriarkatua prozesu zehatzen bidez berreraikitzen den sistema delako», argitu dutenez.

Hala, sakoneko joerak identifikatu dituzte. Negatiboen kasuan, ongizatea pribatizatzea, indarkeria dimentsio orotan, eta krisi ekologiko geldiezina nabarmendu dituzte. Positiboetan, berriz, feminismoaren eta haren erronken hegemonia soziala; emakumeen auto-antolaketa eta askotariko konfluentzietarako gaitasuna; eta ekonomia, gobernantza, politika eta beste hainbat arlo feminismotik eraldatzea xede duten alternatibak.

Trantsizio feminista

Hortik abiatuta, trantsizio feministaren bidean 2023ak izandako eragina ere hartu du hizpide. Zenbait atzerapauso identifikatu dituzte, besteak beste: bizi baldintzak gogortzea (krisi ekologikoa, bizitza garestitzea eta prekarietatean sakontzea, eta ezberdintasunak areagotzea, baita emakumeen artean ere), eta eliteen eta inpugnatutako sektoreen erreakzioa.

Haatik, badira aurrerapausoak ere, zehaztu dutenez: konfluentziak indartu dira, herri eztabaidak zabalduz eta sektore ezberdinak artikulatuz (hala nola, Greba Orokor Feministak zaintzaren auzian Herri Akordioarekin egin bezala, edo indarkeria kasuen aurrean Euskal Herrian sortu diren egitasmoetan); eta euskal feminismoak erantzuteko eta eragiteko gaitasuna erakutsi duela esan dute.

Begirada eta hiru ondorio

Talaia Feministak emakumeen errealitate zehatzetik behatu ditu gertakari horiek. Horrekin batera, begirada subiranista ere badu, eta begirada horretatik identifikatu dituzte, besteren artean, hiru ondorio nagusi: «Azterturiko gertakari guztiak eragina dute emakumeen eta euskal komunitatearen burujabetzetan; Greba Feminista Orokorra Euskal Herrian errotu da, eta berau jartzen du trantsizio feministarako orube gisa, bertako jendartea eta eragileak interpelatuz; euskararen aurkako oldarraldia bizitza, kolektibo eta lurraldearen aurkako erasoa da».

Eta Talaia Feministari berari dagokionez, ondorio argi bat adierazi dute: «Prozesu kolektibo eta emankorra izan da, gure begirada eraikitzeko prozesua; hausnartzekoa, kontzeptuak eta estrategiak izendatzeko eta haietaz gogoetatzekoa».