INFO

Familia Laguna programa Arabara eta Bizkaira zabaldu da

Duela hamar urte abiatu zen Gipuzkoan Familia Laguna ekimena. Astelehen honetan jakinarazi dutenez, Arabara eta Bizkaira zabalduko da: Bilboko eta Gasteizko ikastetxe bana sartuko dira programan hain zuzen ere. Kulturartekotasuna hezkuntza komunitatetik sustatzea da ekimenaren helburu nagusia.

Familia Laguna programak bertako eta etorri berri diren familiak elkartzea du helburu. (Familia Laguna elkartea)

Familia laguna kulturarteko familia akonpainamendu programa bat da, hezkuntzaren eta komunitatearen esparruan garatzen dena, eta beste herrialde batetik Euskal Herrira etorri berri diren familiak adin bereko haurrak dituzten bertako familiekin harrematen jartzea du helburu. Astelehen honetan jakinarazi dutenez, duela hamar urte Gipuzkoan abiatutako ekimen hau Arabara eta Bizkaira zabaldu da.

Orain arte, 18 ikastetxetan zegoen martxan ekimena: 8 Donostian, 6 Errenterian eta 3 Andoainen. Bertako udalek finantzatzen dute. Baina astelehen goiz honetan jakinarazi dutenez, Familia Laguna programaren ekintza esparrua Bizkaira eta Arabara zabalduko da, Bilboko Arangoiti ikastetxe publikoak eta Gasteizko Adurtza ikastetxe publikoak ere parte hartuko baitute. Bestalde, Gipuzkoan ikastetxe berri bat ere batu da programara, Irungo Dunboa.

Garazi Zarautz eta Lola Boluda elkarteko koordinatzaileak dira eta aurkezpenean kontatu dute Familia Laguna programak ikastetxeetan kulturarteko ikuspegia txertatzen lagundu duela, eta hori beharrezkoa dela «hezkuntza komunitate inklusiboa lortzeko». Aipatu dute programak emaitza positiboak izan dituela: «Bai eskola komunitatean, bata iritsi berriak diren familien egokitzapenean ere, ikastetxean zein udalerrian».

Horrez, gain koordinatzaileen esanetan «jarrera arrazisten prebentzio handiagoa» dago ekimena martxan dagoen ikastetxeetan, eta ikasle berriek «euskararekiko motibazio handiagoa dute».

Nere Melgosa Lakuako Bedintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua ere bertan izan da. Parte-hartzaileak txalotzeaz eta Familia Laguna bezalako programen garrantzia azpimarratzeaz gain, ‘Herritartasunaren, Immigrazioaren eta Asiloaren Kulturarteko VI.Plana’ ekarri du gogora: «Onartu behar dugu kulturartekotasuna dela gizarte harreman berrien oinarria».