INFO

Greba mugagabea hasi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun garraioko langileek

Greba mugagabea hasi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun garraioko langileek. %100eko jarraipena izaten ari da LAB, ELA, LSB-USO, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deitutako lanuztea. Basurtuko Ospitaletik Lakuako Gobernuak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzara manifestazioa egin dute.

Manifestazioa egin dute anbulantzietako langileek Bilbon. (Oskar MATXIN | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun garraioko langileek greba mugagabeari ekin diote astelehen honetan, LAB, ELA, LSB-USO, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta. Osakidetzako langileekiko homologazioa eskatu dute, azpikontratatutako beharginak baitira, baita erosahalmenaren galera berreskuratzea ere, LABeko Jonathan Resurreccionek azaldu duenez. Deitzaileen arabera, %100eko jarraipena izaten ari da greba, zerbitzu minimoak direla-eta tarte gutxi dutela azaldu badute ere.

Izan ere, erosahalmenaren %17a galdu dute hitzarmena negoziatzen ari diren bi urteotan. Hain zuzen ere, negoziazioak aurrera egin ez izanak bultzatu ditu grebara, eta espero dute ostegun honetarako deituta duten negoziazio mahaian eragina izatea. Egun horretarako ere deitu dute mobilizazioa, 10.30ean.

Langileek mobilizazioa egin dute Bilbon, eta salatu dute «hitzarmenaren mahai negoziatzailea blokeatuta dagoela, enpresek borondate txikia dutela eta eta Osasun Saila ez dela ezer egiten ari sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko». Basurtuko Ospitalearen aurrean elkarretaratzea egin dute eta bertatik abiatu dute manifestazioa.

Autonomia kalea hartu eta Bizkaiko Osasun Lurralde Ordezkaritzara abiatu dira. Geldialdia egin ondoren, Lakuako Gobernuak Kale Nagusian duen egoitzarako bidea hartu dute eta protesta zaratatsua egin dute bertan ere.

Salatu dutenez, urtebete pasatu da negoziazioak hasi zirenetik, eta «enpresek ez diete erantzunik eman sindikatuon aldarrikapenei eta ez da edukirik egon negoziazio mahaietan».

Azaldu dute momentuz, enpresek kontsolidagarria izango ez den paga eskaini dietela, %5a suposatuko duena 2022 eta 2023 urteetarako, urteko %2,5ko soldata igoera 5 urtetan zehar eta urteroko 8 ordutako lanaldi murrizketa indarraldirako proposatzen dituzten 5 urteetan. Ordea, bestelako aldarrikapenak ere badituzte sindikatuek, enpresek mahai gainean jarri ez dituztenak, lizentzien, kontziliazioaren eta karrera profesiobakaren ingurukoak.

Greba eskubidea

Zerbitzu minimoek tarte gutxi uzten diete langileei greba egiteko eta, horrez gain, greba eskubidea urratu dietela salatu zuen ELAk joan den ostiralean: «Errehabilitazioagatik lekualdaketak egiten dituzten langileek, beste erkidego batzuetara kontsultak egiteko lekualdaketak egiten dituztenek, ospitaleko altak garraiatzen dituztenek... ezingo dute grebarik egin».

Horrela, sindikatuak adierazi zuen gutxieneko zerbitzu horiekin Lakuak «dagokion erantzukizuna betetzeari» utzi diola.