INFO

Humboldtek nazioaz eta hizkuntzaz egindako gogoetak liburu batean bildu ditu Iñaki Zabaletak

Iñaki Zabaleta Gorrotxategiren ‘Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan’ lanak humanista ezagunaren pentsamenduan ideia hauek hartzen duten lekua du aztergai. EHUren Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakin Fundazioak sustatutako Ur-Jauzia bilduman argitaratu da.

Zabaleta, Azurmendi Katedra eta Jakineko ordezkariekin batera, aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Iñaki Zabaleta Gorrotxategi EHUko Filosofia Saileko irakaslearen sinadura darama ‘Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan’ lanak. Liburua Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakin Fundazioak bideratutako Ur-Jauzia bildumaren barruan argitaratu da eta, autorearen hitzetan, herrien identitate kolektiboaren gaineko gogoetari egiten dio ekarpena.

«Nazioaren inguruko auzia beti dago presente Euskal Herrian, zuzenean edo zeharka, baina auzi hori ez da gurea eta gaurkoa bakarrik, eta, alde horretatik, probetxu handikoa izan dakiguke Wilhelm von Humboldt bezalako pentsalari bati erreparatzea», ziurtatu du Zabaletak aurkezpenean. «Nazioa kontzeptualki ulertzerakoan, hizkuntzari erreparatu beharra azpimarratzen du eta horren harira berdin mintzo da hizkuntzaren karaktere nazionalaz edota nazioaren zehaztapen linguistikoaz. Honetan guztian, gainera, Humboldtek oso presente du bere euskal esperientzia –nabarmendu du, Humboldtek Euskal Herrian 1799an eta 1801ean egin zituen egonaldiak gogora ekarriz– eta horrek ere, jakina, haren pentsamendu orokorrarekiko gure interesa areagotzen du».

Joxe Azurmendiren iritziz, Humboldtek «modernitatea ulertzeko giltza bezala Euskal Herria ikusi du: politikoki bi Estatuk euren artean banatua, aldi berean antropologikoki Nazio bakar banatugabea. Iñaki Zabaletak ederki erakusten digu: Nazioa bakar eta Estatuen fronteren gainetik banaezina egiten duena hizkuntza da. Hein horretan Nazioa Estatutik menpegabea da, are Estatuaren kontrarioa».

Jakineko Lorea Agirrek ere egin dio aipamena liburuari: «Argi dago euskaldunontzat ekarpen esanguratsua dela Zabaletarena: batetik, Humboldten obrak itzal handia duelako antropologia, hizkuntzalaritza eta pentsamenduaren esparruetan; eta, bestetik, Humboldtek euskaldunoi gako garrantzitsuak eskaintzen dizkigulako euskal nazio auziaren oraina eta geroa hobeto pentsatu eta irudikatzeko».