INFO

Tren sozialaren aldeko plataformak Gasteizko eta Nafarroako talde parlamentarioekin bildu dira

Arabako eta Nafarroako tren sozialaren aldeko plataformak Gasteizko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan bilera bana izan dituzte talde parlamentarioekin. AHTaren obrek eta balizko proiektuek eragindako eremuen kezkak azaldu dizkiete eta dauden alternatibak kontuan hartzeko eskatu diete.

Nafarroako eta Gasteizko parlamentariekin bildu dira trenaren aldeko plataformak. (Sakana Trenaren Alde)

Nafarroako Parlamentuan izan dira Sakanako, Iza-Oltzako eta Tafallako trenaren aldeko plataformak eta Tren Publiko eta Sozialaren aldeko Estatu espainoleko Koordinakundeko lehendakaria, Jose Luis Ordoñez. Gasteizen Arabako plataformetako ordezkariak eta Estatuko Koordinakundeko Juan Ramón Ferrandis izan dira.

Bilera bana egin dituzte ordezkariek ostiral honetan Gasteizko eta Nafarroako legebiltzarretako talde parlamentarioekin, AHTaren aurka egunotan egiten ari diren jardunaldien baitan. Bietan abiadura handiko trenaren lanek eta balizko proiektuek eragindako eremuen kezkak azaldu zaizkie taldeei eta planteamendu horien aurrean dauden alternatibak kontuan hartzeko eskatu zaie.

Besteak beste, ‘Araban, Nafarroan eta Burgosen Tren Publiko eta Sozial baterako Trazaduren Azterketa eta Proposamena’ azterlana aurkeztu zaie. Egungo trenbideak hobetzea eta egokitzea du ardatz nagusi proposamen horrek, mota guztietako trenak ibili ahal izateko, bai eta geralekuak eta geltokiak irekitzea ere, pertsonen mugikortasuna eta lurraldearen egituraketa erraztuz.

Agurainen, Altsasun eta Irurtzunen jarraituko dute asteburu osoan zehar ostegunean hasi ziren AHTaren aurkako eta tren sozialaren aldeko jardunaldiak. Hitzaldiak, konferentziak, tertuliak eta aisialdi jarduerak eta haurrentzako ekintzak antolatu dituzte egun hauetan zehar.