INFO

Gasteizko Legebiltzarra desegiten duen dekretua sinatu du Iñigo Urkulluk

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, hauteskundeetarako deialdia eginez, aurreko astean. (Endika Portillo | Foku)

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak astelehen honetan goizean goizetik sinatu du Lehendakaritzaren egoitzaren bere bulegoan, Gasteizen, Gasteizko Legebiltzarra desegiten duen eta apirilaren 21erako hauteskundeak deitzen dituen dekretua, aurreko astean egindako iragarpenaren ondorioz.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legeko 7.c) eta 50. artikuluek ematen dizkioten ahalmenak erabiliz sinatu du dekreatua Urkulluk. Hauteskundeak deitzeko beharreko tramitea da hau.

Modu honetan, sinaduraren biharamunetik zenbatzen hasita, 54 eguneko epea dago hauteskunde prozesua abiatzeko: hautesle errolda erakustea, posta bidez bozkatzeko eta botoa braillen emateko eskaera egiteko epeak irekitzea, hautagai zerrendak aurkeztea, hautagai zerrendak aldarrikatzea, hauteskunde kanpaina, hauteskunde eguna eta beste.

Kanpainari dagokionez, apirilaren 5an abiatuko da, 0.00etan, ostiralarekin batera, Pazko Astea delakoan, Aste Santuaren ondoren. Eta hilaren 19an amaituko da, gauerdian.

Deialdia uztailera arte atzeratzeko aukera zuen Urkulluk, 2020. urtean hilabete horretako 12an burutu zirelako, baina ekainean egitea baztertu du, hil horren 9an hauteskunde europearrak egitekoak direlako.

Hauteskunde kanpaina honek arreta berezia eragin du, batetik EAJ eta EH Bilduren arteko lehia estua delako, eta bestetik ia hautagaitza guztietan zerrendaburu berriak ageri direlako: Imanol Pradales EAJren aldetik, Pello Otxandiano EH Bilduren ordezkaritzan, Eneko Andueza PSErenean, Javier de Andres PPren aldetik eta Alba Garcia Sumarren zerrendetan. Miren Gorrotxategi izango da berriz agertzen den bakarra, Ahal Duguren ordezkari gisa.