INFO

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen bikotekide ohia erasotzea leporatuta

Gasteizko Udaltzaingoak 40 urteko gizonezko bat atxilotu du asteazken honetan Arabako hiriburuan, bikotekide ohiaren aurkako eraso delitu baten egilea izatea leporatuta.

Indarkeria matxistaren aurkako manifetazioa, iragan Azaroaren 25ean Baionan. (Patxi BELTZAIZ)

40 urteko gizon bat atxilotu du Udaltzaingoak asteazken honetan Gasteizen, genero indarkeriaz akusatuta. Bikotekide ohiari eraso egitea leporatzen diote, Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Iturri berak zehaztu duenez, asteazken honetako 01.00ak jotzear zirela, koordinazio zentralak patruila bat Koroatze auzoko etxebizitza batera joateko eskatu du, emakume batek bikotekide ohiak bere etxean jo duela abisu eman ondoren.

Bertaratutako agenteek emakumearekin hitz egin dute, eta gertatutakoa berretsi eta gizonak bere semeari herio mehatxuak egin dizkiola esan die. Beste patruila bat, bitartean, gizonarekin mintzatu da.

Azkenean, bi aldeek kontatutakoak eta emakumeak aurpegian zituen lesioak kontuan izanda, Udaltzaingoak 40 urteko gizona atxilotu du.