INFO

Donostiako hirigunera traktoreak eraman dituzte nekazariek, beren aldarrikapenekin batera

Donostiako erdialdea zeharkatu dute ehunka nekazarik beren traktoreekin. Hiru zutabetan abiaturik, gainerako herrialdeetan aurretik izan den mobilizazioa garatu dute Gipuzkoan ere. Erakundeei eta alderdiei dei egiten diete ENBAk, EHNEk eta Gipuzkoako Baso Elkarteak batera, konponbide eske.

Gipuzkoako nekazariak, Donostiako Kontxa Pasealekuan. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Lapurdin hasi zen nekazarien mobilizazioa Arabara pasa zen gero, Bizkaian eta Nafarroan indarrez agertu zen jarraian eta orain Gipuzkoara heldu da. Aurretik zenbait nekazariek beren kabuz ekimenak eginak zituzten baina gaur ostiralean batera aritu dira ENBA eta EHNE sindikatuak zein Gipuzkoako Baso Elkarteak, beren aldarrikapenak barreiatuz. Hauekin batera, 38 eragile, elkarte eta enpresa.

 

Horretarako Donostiako erdialdea zeharkatu dute beren traktoreekin, Gipuzkako Batzar Nagusien egoitza helmuga izan duen mobilizazioan. Kontxako Pasealekuan batez ere irudi bitxia sortu du ilarak.

Hiru zutabe osatuz bat egin dute hiriburuan: Goierri aldeko nekazari eta abeltzainek Legorretatik ekin diote bideari; Urola aldekoek, Oriotik; eta Bidasoaldekoek, Errenteriatik.

Villabona aldean bereziki, Irungo norabidean, trafiko pilaketak eragin ditu nekazal ibilgailuek eratutako tropelak.

Erdigunea zeharkatu ondoren Miramon aldera jo dute, goruntz. Ekimen honen ekitaldi nagusia Batzar Nagusietako egoitzaren erdiko patioan egin dute. Gipuzkoako arrantzaleen kofradien hainbat ordezkari hurbildu da bertara, nekazari eta abeltzainekin bat eginez.

Adierazpenean salatzen denez, sektorea «gainbeheran» dago, eta bertan aritzen direnak «haserre». Izan ere, lan burokratikoa pilatzen ari zaie eta «gainkostuak» gero eta handiagoak dira.

Hori dela eta, agintari politikoei «Nekazaritza Politika Bateratuak edo merkataritza askeko Europako itunek planteatzen dituzten arazoetatik haratago joateko» eskatu diete, bai eta Euskal Herritik bertatik baserritarren egunerokotasuna hobetzeko neurriak martxan jartzeko».

Baserritarren beharrak

Gipuzkoako ekimen honek Estatu mailan antolatutakoarekiko aldea nabarmentzen du. Berezko agenda dutela berretsi dute gaurkoan alde, bai aldarrikapen aldetik bai eta mobilizazio egutegi aldetik ere. Izan ere, Espainia aldean «euskal baserritarren egunerokotasunarekin eta beharrizanekin zerikusirik ez duten gauza gehiegi nahastu direla» argi dute.

Azpimarratu dutenez, «Gipuzkoako udaletan, Foru Aldundian, Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean edo Eusko Jaurlaritzan guztion ardura da lehen sektorearen jarduera sustatzea eta erraztea, bai boteretik, bai oposiziotik».

Azkenik, antolatzaileek Gipuzkoako herritarrei dei egin diete «elkartasuna eta babesa» emateko, «lehen sektoreak bizi duen egoeraren aurrean».