Mina amorruan bilakatu nahi du Eibarrek, liderraren aurka
Bolada ona Espanyolen kontrako partidaren azken minutuetan hautsi ondoren, armaginek Leganes gainditu nahi dute, bigarren postua eskuratu eta lehenera gerturatzeko. Tejero deialditik kanpo geratuko da arazo fisikoengatik.
Sekulako kolpea jaso zuen Eibarrek Espanyolen kontrako partidaren azken minutuetan, margailuari buelta eman eta hiru puntuak eskuratu zituenean aurkariak, garaipenarekin batera bigarren postua ere Bartzelonara eramanez. Baina mina baino, emaitzak bere taldean amorrua eragin izatea espero du Joseba Etxeberriak, hurrengo erronkari begira pizgarria izango omen delakoan. Entrenatzailearen nahiekin batera, beharra ere badaukate gorri-urdinek, Leganes liderra bisitatuko baitute bihar (21.00) eta garaipenaren saria handia den bezala, Espanyolek Huescaren berdindu duenez, bigarren postura eskura baitaukate. Porrotaren zigorrak ondorio serioak ekarriko lituzke, Leganesek zazpi puntutako aldea lortuko baitluke golaveragea bereganatzeaz gain.
Argi dauka Etxeberriak zein zaila izango den etxean partida bakarra –lehen jardunaldian, badirela ia zazpi hilabete– galdu duen taldea gainditzea, baina Eibar «edozein aurkariren kontra eta edozein zelaian irabazteko gai» dela azpimarratu du. Horretarako partida perfektua egin beharko du, «sailkapenak dioen bezala, Leganes Bigarren mailako talderik onena» baita une honetan. «Defentsiboki oso indartsua da eta ez bakarrik gol gutxi jasotzen dituelako, baizik eta aukera gutxi sortzen dizkiotelako ere –azaldu du entrenatzaile gipuzkoarrak–. Gainera, etxean, kanpoan baino aukera gehiago sortzen ditu berak erasoan». Horregatik ezinbestekoa izango da Eibarrek, azken aldi honetako joku-maila mantentzeaz gain, «eraginkorra izatea. Sekulako partida egin behar dugu, oso ondo jokatu beharko dugu, eta gainera asmatu behar dugu, eraginkorrak izan behar gara bi areatan».
Baikor agertu da, edozein kasutan, Etxeberria, egutegiaren azken herenari «denboraldi-aurrean ezarri genituen helburuak beteta» ekingo baitio Eibarrek. «Orain arte, sailkapenean kokatzeko egin dugu lan baina orain dator benetan balio duena, benetan borrokatu nahi duguna. Eta lortu dugunak segurtasuna eman behar digu, udan bi helburu ezarri baikenituen eta biak lortu baititugu. Alde batetik, onenen artean egotea eta bestetik, nortasun bat izatea, zertan jokatzen dugun eta garaipenera hurbiltzeko zein bide jarraitu nahi dugun argi eta garbi jakitea».
Nahitaezko aldaketa eskuin hegalean
Alvaro Tejero gabe aurre egin beharko du partida, arazo fisikoak direla eta deialditik kanpo geratuko baita madrildarra. Nahitaezko aldaketa ekarriko du bere bajak eskuin hegalean eta Correak lesionatuta jarraitzen duenez, bi alternatiba omen dauzka Etxebek, orain arte horrelako egoeratan egindakoari jarraituz: Corpas edo Sergio arituko dira defentsa lanetan, postu bereziki delikatuan, Leganesek asko kargatzen baitu erasoa alde horretatik Franquesarekin. Gainontzeko jokalariak, Espanyolen kontra hasieratik aritu zirenak izango dira, printzipioz.
LEGANES
Hasierako hamaikakoa: Conde; Miramon, Aranbarri, Sergio Gonzalez, Franquesa; Neyou, Undabarrena; Miguel, Portillo, Raba; eta Diego García.
Bajak: Ez dauka.
EIBAR
Hasierako hamaikakoa: Luca; Corpas edo Sergio, Berrocal, Arbilla, Rios Reina; Nolaskoain, Matheus; Aketxe, Mario Soriano, Stoichkov; eta Bautista.
Bajak: Tejero eta Correa, lesionatuta.
Epailea: Arcediano Monescillo (Gaztela-Mantxa).
Zelaia: Butarque.
Ordua: 21.00 (LaLiga Hypermotion TV).