INFO

Ikurrina zabaldu du Oihan Hastoyk Antartikan

Espedizio zientifikoetan espezializatutako itsas bidaia probestu du Oihan Hastoy 19 urteko ikasle jatsuarrak ikurrina lau haizetara zabaltzeko Antartikan. Une berezi horren argazkia plazaratu du 'Mediabask' hedabideak.

Oihan Hastoy, ikurriña eskuetan, Antartikan. (@OihanHASTOY)

Espedizio zientifikoetan espezializatutako itsas bidaia probestu du Oihan Hastoy 19 urteko ikasle jatsuarrak ikurrina plantatzeko kontinente australean. Albistearekin batera une berezi horren irudia plazaratu du gaur arratsaldean ‘Mediabask’ hedabideak. Flora Etienne kazetariaren eskutik iritsi da albistea.

Beraz, euskal ikurra Antartikara heldu da. Haraino eraman baitu bere txikitako ametsa bete duen Jatsuko gazteak.

Oihan Hastoyk 19 urte ditu eta Baionan egiten dituen Komertzio ikasketen barruan sei hilabeteko lanaldia egiten ari da.

Hain zuzen stage edo lan ikastaro hori espedizio zientifikoetan espezializatutako itsasontzi batean egiten ari denez, aukera izan du Hastoyk Antartika zapaltzeko.

Urtarrilean itsasoratu ziren Zeelanda Berrian

Urtarrilaz geroztik bere abentura gosea asetzeko parada izan du Zeelanda Berriko Dunedin hiritik abiatu eta Antartikara arribatu berri den ikasle lapurtarrak.

‘Mediabask’ hedabideak jaso duen albistean irakurri ahal denez, txikitatik banderekin zaletasun handia izan du Jatsuko mutilak.

Hori dela eta, «guztiz logikoa» iruditu zitzaion nazioarteko ikastaroaren baitan egin behar zuen bidaia horretan motxilan ikurrina eramatea.

«Lehorreratzeko unean, naturalista eta argazkilari espezializatuek laguntzen gaituzte, eta horrek gure irteerei dimentsio ikaragarria ematen die», azaldu du Hastoyk.

Aitzinetik, hori bai, biosegurtasun kontrolak gainditu behar dituzte, ingurune naturalak ahal den gehien zaintzeko. Zaurgarria oso baita Antartika.

Ikurrina ez da salbuespena izan kontrol sistema horretan. Izan ere, baimen guztiak lortu ondoren, une zirraragarria heldu da eta euskal bandera haizatu da lurralde zurian.

Momentu azkar hori bidaia kaieran markatu ostean, beste bizipen anitz zain ditu jatsuarrak.

Japon eta Korea artean amaituko baitu, maiatza aldera, nehoiz ahantziko ez duen ikastaroa.