INFO

Peio Etxeberria eta Zabaletak zeharo akitu dituzte Altuna III.a eta Martija (14-22)

Peio Etxeberriak eta Zabaletak batu dute lehendabiziko puntua finalerdietako ligaxkan, 14-22 Altuna III.a eta Martija menderatu ostean. Partida txundigarria jokatu dute lau pilotariek, erritmo bizikoa eta gogorra.

Peio Etxeberria, egindako tanto bat ospatzen, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Markagailua oraindik ere 6-5ean zegoenean, Altuna eta Martijarena alde, 300 pilotakada pasa jo zituzten lau pilotariek –orotara, 674 jo zituzten, hasiera hasieratik erritmo oso bizi eta gogorra ezarrita. Lehen tantoak 81 pilotakada izan zituen, gorrien alde jausi zen, Altuna eta Peio Etxeberriak, eraso zein defentsa zitalarekin, batak besteari erantzun eta azkenerako, urdinen gaizki ulertu baten ondotik, 1-0ekoa igo zen markagailura. Nolako dema zetorren ulertzeko balio izan zuen, bai behintzat lehen etenaldira arte.

Peio Etxeberria asko sartu da jokoan baina ongi erantzuten zion Altunak; kontrara ere berdina gertatzen zen eta beraz, ez bikote batek ez besteak, ez dute lortu markagailuan alde nabarmena. Dena dela, gorriak lasaiago zeudela sumatzen zen.

Hiru tantoko errenta lortu dute Altuna eta Martijak (8-5), urdinak hara eta hona mugituz, uzten zuten hutsunera pilota botata. Tanto bat lehenago, 7-5ekoarekin, akiduraren akiduraz, hutsartea eskatu dute Peio Etxeberriak eta Zabaletak. Zital zebiltzan lau pilotariak, sekulako erritmoarekin eta horrela aguantatzea zaila izango zela zirudien.

Etxeberriaren sasoi ona

Gutxika-gutxika, urdinak elkar hobeto ulertzen hasi dira, akidurak gorriengan ere eragina izan du eta hala, 9-10 aurreratzea lortu dute, partidan lehen aldiz. Aldeko partzialak jarraipena eduki du, 1-8koa ezarri eta markagailuan tartea irekitzeko (9-13).

Urdinen bederatzigarren tantora arte, Zenotzeko aurrelariak tanto bakarra zuen egina eta hamar egindakorekin bukatu zuen. Horrek laburbiltzen du partidaren bigarren erdia, alajaina. Etxeberria hasieratik aritu da erasokor –«Zabaletak ere hori esaten dit, aurrerago jokatzeko eta konfiantza ematen dit»– baina Altunak ongi erantzuten zion, kontraerasora ere ongi pasatuta. Nekearen eraginez, defentsako erreakzioa ere ahultzen joan zaio amezketarrari –zazpi galdutako ere pilatu ditu– eta hor egon zen partidaren gakoa, oso parekatua hasi zen dema bat 14-22 markagailuarekin bukatzera eraman zuena. Deskantsu handia beharko dute lauek. 

Fitxa teknikoa:

ALTUNA-MARTIJA 14

P. ETXEBERRIA-ZABALETA 22

Pilotakadak: 674 pilotadak. Iraupena: 78:36 minutu. Markagailua: 1-0, 2-0, 2-1, 2-2, 3-2, 3-3, 4-3, 5-3, 5-4, 5-5, 6-5, 7-5, 8-5, 8-6, 9-6, 9-7, 9-8, 9-9, 9-10, 9-13, 10-13, 10-14, 11-14, 11-15, 11-19, 12-19, 12-20, 12-21, 13-21, 14-21, 14-22. Egindakoak: 6 Altunak eta 3 Martijak; 10 Peio Etxeberriak eta 2 Zabaletak, Sakez: 1 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 7 Altunak eta 3 Martijak; 2 Peio Etxeberriak eta 3 Zabaletak Gorabeherak: 1.413 pilotazale elkartu ziren Gasteizko Ogeta pilotalekuan, finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldiko bigarren partida ikusteko. Sakea, gorri.