INFO

Beste parke eoliko bat eraiki nahi dute, Otxandio, Ubide eta Legutio artean

Plauri S.L. enpresak ia 20,5 milioi euroko inbertsioa beharko duen beste parke eoliko bat eraiki nahi du Otxandion, Ubiden eta Legution eta lau sorgailu instalatzea aurreikusten du, bakoitza 5MW-ko potentziakoa. Hilabeteko epea ireki da alegazioak aurkezteko.

Parke eoliko bat Nafarroan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Beste parke eoliko bat aurreikusi du Lakuako Gobernuak, Plauri S.L. enpresaren bidez, oraingoan Otxandio, Ubide eta Legutio artean. 20,5 milioi euro inbertituko dira ehun metro baino gehiagoko altuera izango duten lau sorgailu instalatzeko, 5MW-ko potentziarekin bakoitza.

EHAAk (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak) astelehen honetan argitaratu du Lakuako Gobernuko Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren iragarkia. Horren bidez, jakinarazi dira ‘Kastillo’ izeneko parte eoliko horretarako aldez aurreko administrazio-baimenaren eskaera eta ingurumen inpaktuaren adierazpena.

Proiektuaren xedea da 20MW-ko potentzia globala duten 121 metroko lau dorre instalatza, bai eta sortutako energia husteko azpiegitura bat ere. Azpiegitura horrek Legution sekzionamendu zentro bat eta lurpeko linea bat barne hartuko lituzke, puntu hori Arabako udalerri honetan dagoen azpiestazio batekin lotzeko.

Iragarkian zehazten denez, parke eolikoaren aurrekontua 18.726.844,26 eurokoa da, sekzionamendu zentroarea aurrekontua 464.324,33 eurokoa eta ebakuazio linearen aurrekontua 1.266.826,12 eurokoa.

Iragarki hau EAEko aldizkarian argitaratuta, hogeita hamar eguneko epea ireki da interesdunek eta herritarrek, oro har, proiektuaren dokumentazioa kontsultatu eta alegazioak egin ahal izateko.