INFO

Maria Chivitek Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko presidente kargua hartu du

Maria Chivitek hartuko du 2026. urtera arte Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko presidentzia, gaur Erriberrin Alain Rousseten eskuetatik makila hartu ondoren. Tarte honetan hiru lurraldeen arteko mugaz gaindiko elkarlana bultzatzea da helburua.

Iñigo Urkullu (EAE), Maria Chivite (Nafarroa) eta Alain Rousset (Akitania Berria), gaur Erriberrin. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Gaurtik aurrera Nafarroak hartu du Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko presidentzia. 2026. urtean amaituko da agintaldia. Tarte honetan hiru bazkideen artean lortutako mugaz gaindiko lankidetzan sakonduko da, garrantzi bereziko eremuetan, hala nola, euroeskualdeko herritarren garapenean, lurralde kohesioan eta «garapen berritzaile, lehiakor, inklusibo eta iraunkorrean».

Erreleboa gaur goizean izan da, Erriberrin, Euroeskualdearen Urteko Batzarrean, Alain Rousset, Akitania Berriko presidentea; Maria Chivite, Nafarroako lehendakaria; eta Iñigo Urkullu, Lakuako Gobernuko lehendakaria, hiru lurraldeetako gobernuetako arduradunak biltzen dituen Batzarreko gainerako kideekin batera.

Bilera horretan, Alain Rousset presidenteak Maria Chiviteren esku utzi du Europako taldearen buruzagitza irudikatzen duen makila, Erriberriko Paradorean egindako ekitaldi instituzionalean.

«Gaitasunak sendotu eta zabaldu»

Chivite presidente berriak adierazi duenez, bere agintaldian Nafarroak «Euroeskualdearen gaitasunak sendotzearen eta zabaltzearen alde» egingo du, «lankidetzarako tresna bat baita, gure espazio komuna lehiakorragoa eta solidarioagoa izan dadin laguntzen duena». Halaber, nabarmendu duenez, «Europa proiektu erabilgarria da Batasun osoko herritarrentzat»; izan ere, «giza balioen defentsarako gotorlekua da, desberdintasunak murrizteko aukera ematen duena, eta benetan konprometituta dago gizateria kolokan jartzen ari diren erronkekin, hala nola klima aldaketarekin berarekin edo aro digital berriarekin».

«Harreman sareak josten eta gure gaitasunak garatzen jarraitu behar dugu, une honetan, Makroeskualde Atlantikoa instituzionalizatzea lortzeko. Eta lortuko dugu», adierazi du Urkulluk. Azken urteotan, hiru gobernuetako pertsonek egindako lana aintzat hartu eta eskertu du.

Populismoa, demagogia edo autoritarismoa indartzen ari direla eta arduratuta dagoela adierazi du Urkulluk. Era berean, nazioarteko liskarren aurrean, Europar Batasunaren «gaitasun falta» kezkagarriak dira, baita migrazio politikak «gogortu izana» ere, Urkulluren arabera.

Batzarra hiru lurraldeetakoi 18 ordezkarik osatzen dute; bertan 2023ko jarduera -balantzea eta aurtengo aurrekontu orientabideak aurkeztu dira. Halaber, Akitania Berria-EAE–Nafarroa 2024 proiektuetarako deialdiaren esparrua onartu da. Honekin batera, Batzarreko kideak berritzea onartu da, Nafarroako Gobernuaren osaera berria dela eta.

2023ko jardueren balantzeari dagokionez, Batzarrak «herritarrengandik gertuago egoteko egindako ahalegina» nabarmendu du, bereziki 27 proiektu berri finantzatuz, zazpi partaidetza eta ikasleentzako eta doktoregaientzako 93 mugikortasun beka. Halaber, 2021-2027 Plan Estretegikoa garatzen jarraitu du, Poctefa 2021-2027 programaren Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren lurralde dinamizazioa eta koordinazioa sustatzen, Euroeskualdeko lurraldeei zuzenean eragiten diena.

2024rako proiektuen deialdiari dagokionez, aurten 900.000 euroko aurrekontuari eutsiko zaio, eta bi lerrotan banatuko da. Lehenengoa gaurko bilkuran onartu da, eta 500.000 euro bideratzen ditu «Euroeskualdeko Herritartasuna» izeneko proiektuak garatzeko, kultura, eleaniztasuna, hezkuntza, gazteria, kirola eta egungo erronka sozialak ardatz hartuta. 2024ko bigarren seihilekoan, «Euroeskualde Berrikuntza» lerroaren bigarren deialdia onartuko da, 400.000 eurorekin, inplikatutako lurraldeetako S4 espezializazio adimenduneko estrategiaren arloetara bideratua.

Aldi berean, Euroeskualdeak lankidetza estrategikoko proiektuak laguntzen jarraituko du 300.000 euroko ekarpenarekin, ekonomia, kultura, hezkuntza eta kirol arloetan dauden mugaz gaindiko aliantza berriak sustatzeko. Gainera, aurten Euroeskualde Bekaren edizio berri bat aurreikusten da, 60.000 euroko aurrekontuarekin, hiru lurraldeetan ikasleen eta doktoregaien mugikortasun akademikoa sustatzeko, hurbiltasuneko «nazioarteko mugikortasuneko» ekimen baten parte gisa.

Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdea lankidetza tresna bat da, eta hiru lurraldeen mugaz gaindiko, tokiko eta Europako garapena sustatzen du; izan ere, eskualde horietan 8,7 milioi pertsona baino gehiago bizi dira 101.678 km²-ko lurraldean. Elkarte hori 2011n sortu zen, Akitania Berriak eta EAEk Lurralde Lankidetzarako Europako Talde bat (LLET) osatzeko akordioarekin, eta 2017an Nafarroa batu zitzaion, Uxue Barkos lehendakari zela.

Nekazarien protesta

Bilera hasi baino lehen, nekazari talde batek protesta egin du Erriberriko jauregiaren aurrean agintariak heldu direnean. Ez dute biderik moztu eta Batzarrean parte hartu dutenek ez dute arazorik izan jauregira sartzeko.