INFO

Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidentearekin bildu da Otxandiano

Otxandiano Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidente eta Irlandako Errepublikako lehen ministrogaiarekin bildu da astearte honetan. Bertan, «estatus politikoa berritzeko» unea dela nabarmendu du EH Bilduko lehendakarigaiak.

Pello Otxandiano Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidentearekin. (EH BILDU)

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak Dublinen adierazi duenez, «estatus politikoa berritzeko unea da» Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hurrengo urteetan eztabaida hori egin beharko dela gaineratu du.

Otxandianok Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidente eta Irlandako Errepublikako lehen ministrogaiarekin bildu ostean egin ditu adierazpenak. Bilera hau EH Bilduren lehendakarigaia uhartera egiten ari den bidaiaren barruan kokatzen da. Izan ere, atzo Michelle O 'Neal Irlanda iparraldeko presidentearekin bildu ahal izan zen. Gorka Elejabarrieta senatariarekin izan da Otxandiano Irlandan.

«Sinn Feinek Irlandako erakunde nagusiak gobernatzen dituenean erabakiko du Irlandak», nabarmendu du Otxandianok. Izan ere, Sinn Feinek 2030 urteko data ezarri du Irlandako batasuna gauzatzea ahalbidetuko duen erreferenduma egiteko.

EH Bilduren lehendakarigaiaren ustez, Irlanda «erreferentzia bat da gatazka politiko bati irtenbide baketsu eta demokratikoa emateko, baita jendearen interesari erantzungo dioten politikak planteatzeko ere».

«Une honetan, Irlandako agenda publikoa etxebizitza-eskubidean oinarritzen da, bizitegi-kontingentziaren inguruan bizi den egoeran, eta hamarkada honetan bertan Irlanda bateratzeko prozesua abian da, status-quoan jauzi bat eginez, eta jendearen beharrei erantzungo dien herrialde-proiektu bat proposatuz».

EH Bilduren hautagaiak nabarmendu duenez, Michelle O 'Neill Ipar Irlandako ministro nagusi izendatzeak agerian uzten du «blokeoak gainditzen ari direla, ezin zaiola aterik jarri zelaiari eta, azkenean, agindu demokratiko bat dagoela».

EAEko hauteskundeei begira, estatus politikoari buruzko eztabaidari heltzeko beharra azpimarratu du Otxandianok. «XXI. mendeko erronkei aurre egiteko berme nahikoak emango dizkiguten tresna juridiko eta politikoak behar ditugu», esan du.

Era berean, estatus berri horren ezaugarriak definitu ditu: «Nazioa garela onar dezala eta jendearen beharrei erantzungo dieten politika publikoak egiteko tresna nahikoak eman diezazkigula».