INFO

EHUko irakasle eta ikertzaileen grebak «erantzun oso nabaria» izan du, sindikatuen arabera

EHUko zuzendaritza eta Lakua interpelatu dituzte LAB, Steilas eta ELA sindikatuek irakasle eta ikertzaileen egoera salatzeko gaur egindako greba egunean. «Lan-baldintza duinik ez badugu, ezin dugu kalitatezko unibertsitate bat garatu, eta gizarteak behar duen unibertsitate publikoa jokoan dugu».

EHU-ko irakasle eta ikertzaileek pairatzen duten egoera salatzeko greba egunean, Bilbon egin duten mobilizazioa. (Monika del Valle | FOKU)

EHUko irakasle eta ikertzaileen egoera salatzeko greba eguna zegoen deitua campus guztietan eta, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek adierazi dutenez, «oso jarraipen zabala izan du». Hau berretsi du EHUko Prekarioen Koordinadorak.

Nahiz eta fakultatez fakultate eragina desberdina izan den, zentro guztietan «nabaria» izan dela nabarmendu dute sindikatuek. «Zentroak irekita egon dira (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak, plantillaren laurden bat, ez zeuden grebara deituta), baina aktibitate akademikoa oso eskasa izan da. Adibidez, Gasteizko Lan Harremanetan, Hezkuntza eta Kirol fakultatean eta Ekonomia eta enpresa fakultatean, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzietan, Donostiako Psikologian, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Kimika, Informatika, Ingenieritza eta Zuzenbide fakultateetan ez da ia klaserik egon eta grebaren jarraipena zabala izan da».

Era berean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako mobilizazioetan EHUko irakasleen parte-hartzea «oso handia» izan dela adierazi dute igorritako oharrean.

Iragan Urriaren 11an ere greba egin zuten eta orduan Lakuari eta EHUko Zuzendaritzzari aldarrikapen zerrenda bat jarri zioten mahai gainean. Besteak beste, ordezko irakasleen gaiak berebiziko garrantzia zeukan, unibertsitateko irakasle horiek pairatzen duten prekarietate egoeragatik. «Ez dute aurrerapausorik eman arazoaren muinari ekiteko, hartu dituzten erabakien ondorio kaltegarriei adabakiak jartzeari mugatuta. Arduraldi osoko irakasleen ordezkapenak arduraldi partzialeko ordezko irakasleen bitartez kontratatzen jarraitzen dute, 800 eurotako soldatekin. Langile hauengana suposatzen duen egoeraz gain, ordezkapen asko bete gabe geratzen dira, edo denbora luzea pasatzen da bete arte, zaila baita halako lan-baldintzak onartzea. Honek arazo handiak ekarri ditu sailetan, bajan edo baimenean dauden irakasleen kredituak saileko gainerako irakasleengan banatu behar baitira. Baina, irakaskuntza-karga handitzeaz gain, irakasgaiak irakasle batzuen artean zatikatuta geratzen dira kasu askotan. Hori guztia irakaskuntzaren kalitatearen, ikerkuntzaren eta kudeaketaren kaltetan. Ikasle asko kaltetuak dira era nabarian», adierazi dut.

Era berean, lan-zamak handitu zaizkiela ere salatu dute eta hurrengo ikasturtean martxan jarriko duten irakaskuntza antolatzeko JARDUN sistema berriarekin gehiago handituko direla aurreikusten dute.

Horrez gain, «prozedura askotan», burokratizazioa «itogarria» izaten jarraitzen duela, plantillaren «ezegonkortasuna oso handia» dela eta, gainera, «kolektibo ezegonkorrenak sistematikoki diskriminatzen dituztela» kritikatu dute. «Ikertzaile-ibilbidearen garapena etengabe oztopatzen dute, erretiroen akordioen deuseztapenarekin murrizketa itzela gauzatu dute jubilatzear dauden irakasle askoren eskubideak urratuz eta plantillaren berritzea kaltetuz. Arazoa egiturazkoa da», diote sindikatuek.

EHUko Zuzendaritzak erabaki hauek «aldebakartasunez» ezarri dituela deitoratu dute, sindikatuen «alternatibak aintzat hartu gabe». Negoziazioari ere, zenbati kasutan, uko egin diotela gehitu dute. «Haientzat, arazo hauetako batzuk ez omen dira existitzen, eta gai batzuen inguruan negoziatzeko eseri direnean, negoziazio-eszenifikazioa baino ez dute egin, beren posizioetan tematuta».

Lakuaren erantzunkizuna

Ikusmira EHUko zuzendaritzan jartzeaz gain, Lakuako Gobernuarengan ere jarri dute sindikatuek.  «erosahalmenaren galera metatua urteetan zehar, osagarrien izozketa 2006tik, lanaldi partzialeko ordezko irakasleentzat miseriazko soldatak ezartzen dituen 41/2008 Dekretua sortu eta indarrean mantentzea, edota unibertsitateko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak hezkuntza ez unibertsitarioenak baino baxuagoak izatea (unibertsitatean lanpostu iraunkorra lortzeko doktorea izatea beharrezkoa bada ere)», zerrendatu dute.

Zentzu horretan EHUra bideratutako finantzaketa «ez dela nahikoa» kritikatu dute. «2022an, EAEko Barne Produktu Gordinaren % 0,4 izan zen, duela hamarkada bat baino baxuagoa eta USLO legeak berak 2030erako helburu moduan planteatzen duen BPGren % 1-tik oso urrun».

Gaurko grebarekin EHU eta Lakua interpelatu nahi izan dituzte, «bakoitzak bere ardurapeko esparruan dagozkion ardurei heldu eta EHUko irakasle eta ikertzaileen lan-baldintzen prekarizazioarekin amaituko duten erabakiak har ditzaten».

«Lan-baldintza duinik ez badugu, ezin dugu kalitatezko unibertsitate bat garatu, eta euskal gizarteak merezi eta behar duen Unibertsitate publikoa jokoan dugu. Are gehiago, unibertsitate pribatuei alfonbra gorria jartzen dietela ikusten dugunean», nabarmendu dute.

Hori dela-eta, gaurko grebaz gain, martxoaren 12an EHUko irakasle-ikertzaileak eta unibertsitateko beste langile guztiak sektore publikoko grebara gehitzera deitu dituzte.

Jarrera aldaketa

EHUko Prekarioen Koordinadorak errektoretza taldeak «jarrera aldatu behar izan duela» nabarmendu du, «arazoa gutxiestetik arazoa konpondu behar dela esatera igaro baita».

«Bigarren greba hau gure unibertsitatean gertatzen ari den gero eta prekarietate handiagoari erantzuteko deitu da, USLO legea ezarri zenetik larritu baita. Okertze hori, neurri handi batean, Eva Ferreira buru duen egungo errektoretza-taldeak egindako interpretazio murriztaileari zor zaio, batez ere ordezkapenen estaldurari dagokionez, ordezkoak gehienez 800 euroko ordainsariarekin utziz kontratazio berrietan», salatu dute.