INFO

Sareetako mikroipuinak «mundu immaterialetik» liburu batera ekarri ditu Idoia Torregaraik

Zaldieroa umorista grafikoaren marrazkiekin, Idoia Torregarai kazetariak ‘Mikroipuinak’ kaleratu berri du Elkar argitaletxearekin. Bere lehenengo liburua da eta sare sozialen bidez partekatzen dituen ipuin labur-laburren bilduma da.

‘Mikroipuinak’ liburua ondu dute Zaldieroa marrazkilariak eta Idoia Torregarai idazleak. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Batzuk esango dute ez dela literatura», dio Idoia Torregarai kazetari eta umoregileak argitaratu berri den ‘Mikroipuinak’ liburuaz. X sare sozialean urtetan argitaratu izan dituen ipuin laburrak «mundu immaterialetik» atera ditu eta bere lehen liburua den honetan bildu ditu.

Horrela azaldu du bere lana Torregaraik ostegun honetan Donostian egindako aurkezpenean, Patxi Huarte ‘Zaldieroa’ marrazkilaria eta Xabier Mendiguren editorearekin batera.

Duela dozena bat urte ezagutu zuen behinola Twitter zena Idoia Torregaraik. Ordutik, jendea ezagutzeko tokia izan da berarentzat, komunitate bat sortzekoa, alter ego bat sortzekoa eta, batez ere, bere «sormena bideratzeko» txoko bat, liburu bat idazteko denborarik ez duelako izan.

Bertan, hain zuzen, ezagutu zuen Patxi Huarte, Zaldieroa ezizenarekin lan egiten duen umoregile grafikoa. Idazlearen kontaketak ilustratzen hasi zenez, astearteetan ‘Berria’ egunkarirako, Elkar argitaletxeak editatutako libururako zeregin bera jaso du.

150 mikroipuinez osatua dago liburua, baina guztiak ez daude ilustratuta, azaldu du Huartek. «Txuri asko» dagoela esan du, marrazkiek dena har ez dezaten, «kargantea» ez izateko. Bide batez, jendea bere marrazkiak egin ditzan animatu du artistak.

Poetikotasuna eta ezustekoak

Xabier Mendiguren editoreak, saretik ateratako idazlanak badira ere, teknologiari «inolako erreferentziarik» egiten ez zaiola argitu du. Mokroipuinen poetikotasuna, edertasuna, umore kutsua eta irakurleak jaso dezakeen ezustekoa nabarmendu ditu argitalpen honetatik.

Bilduma egiteko hautaketa erraza izan ez bada ere, ‘Mikroipuinak’en bildutakoak «irakurtzea gustuko dutenentzat atseginak» izango direla uste du Idoia Torregaraik. Berarentzat, momentu txikietan, esaterako, autobusa itxaron bitartean, irakurtzeko ipuinak dira, behin baino gehiagotan irakurtzeko, gainera, hausnarketarako aukera ematen dute eta. «Gaur era batera irakurtzen duzu eta, beharbada, beste egun batean beste era batera».