Donostiako Udalaren ostatuen moratoria «antzua» dela iritzi du Bizilagunekin plataformak
Donostiako Udalak indarrean egon den ostatu eta establezimendu turistikoen inguruko moratoria beste bi urtez luzatuko duela jakitean, Bizilagunekin plataformak «neurri solte, partzial eta estetikoetan oinarritutako politikekin amaitzea» eskatu du.
Donostiako Udal Gobernuak hasierako onarpena eman dio ostatu erabilerei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari eta hurrengo Udal Batzarrera eramango du behin betiko onarpenaren erabakia.
Aldaketa honekin ostatu eta establezimendu turistikoen ezarpenari buruz urtebetez indarrean egon den moratoria beste bi urtez luzatuko du. Bizilagunekin, Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma, ez dator bat moratoria horrekin eta «salbuespenez betea eta urria» dela salatu du. «Erabaki antzua da, azken urteotan turistifikazioari eman zaion bultzada kontuan hartuta, sortutako kalteak leheneratzeko».
Zentzu horretan, ohar baten bidez nabarmendu du Plan Orokorrean txertatutako aldaketaren ostean, «ostatu eta establezimendu berriak ireki daitezke Aiete / Miramon, Altza, Amara, Amara Berri, Añorga, Bidebieta, Egia, Igeldo, Intxaurrondo, Loiola, Martutene, Morlans, Loiolako Erribera, Txomin-Enea eta Zubietan bizitegi lurzati gisa izendatuta ez dauden eremuetan». Baita «zirrikitu legalak» utzi dituztela «bizitegi eremuetan ere lizentziak baimentzeko».
«Horrez gain, ondare arkitektoniko bezala katalogatutako eraikinak ostatu bihurtu ahal izango dira Udalak hala erabakitzen badu eta lurzoru urbanizaezinean kanpinak, nekazalturismoak eta landetxeak zabaltzeko aukerak ere ohiko baldintzetan baimenduko ditu Udalak», gehitu du.
Hori dela-eta, «presazkoa eta garrantzitsua» iritzi dute Donostian «desazkunde turistikorantz bideratzeko trantsizioa abian jartzea». «Ezinbestean hiri eredua aldatu behar da, donostiarrontzat bizigarria izango den baldintzetara eramango gaituzten neurri eraginkorrak hartuz».
Bide horretan, hirian «hotel eta ostatu berriak zabaltzeko aukera oro» ixtea eskatzen dute. «Turistifikazioaren arazoa hiriko zonalde zehatzera mugatua balitz bezala tratatzea arazoa areagotzea da».
Era berean, ondare arkitektonikoaren zaintzarako neurri bezala «eraikin katalogatuak turismora bideratzea kontraesankorra» dela uste dute, eta «etxebizitza larrialdia bizi duen hirian erabilera turistikoko etxebizitzekin amaitzeko urratsak» eskatu dituzte. «Lizentzia murrizkorra eta iragankorra ezarri behar da trantsizio-neurri gisa, pisu turistikorik gabeko hiria izatera pasatzeko lehenbailehen». Honela, «neurri solte, partzial eta estetikoetan oinarritutako politikekin amaitzea» aldarrikatu dute.