INFO

Etxeko langileen prekarizazioa salatu eta beraien eskubideak aldarrikatu ditu ELAk

ELA sindikatuak etxeko langileen «prekarizazioa» salatu du aurtengo Emakumearen Nazioarteko Egunean, ostiral honetan. Manifestazioa egin du Gasteizen aldarrikapen honi buruz izan den ekitaldi konfederalaren ostean.

Martxoaren 8a dela-eta ELAk Gasteizen egin duen manifestazioa (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

‘Etxea lantokia denean. Convenio para todas. Ekiparazioa’ lelopean, ELA sindikatuak etxeko langileen eskubideen defentsa Gasteizko kaleetatik zehar eraman du martxoaren 8. honetan. Manifestazioa egin dute ehunka pertsonek Lakuaraino, Europa Jauregitik abiatuta.

Bertatik abiatu da mobilizazioa aurretik ekitaldi konfederala egin dutelako, aldarrikapen bera erdian. Honetan Isabel Otxoa ATH-ELE Etxeko Langileen Elkarteko ordezkariak eta etxeko zein etxez etxeko zerbitzuko langileen parte hartu dute.

Gasteiz Hiribidetik abiatu aurretik Leire Gallego ELAko genero arloko arduradunak hedabideei azaldu dienez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan etxeko langileei etxez etxeko laguntza zerbitzuko hitzarmena eta Nafarroan garbikuntzakoa aplikatzea eskatu die sindikatuak Lakuako eta Nafarroako Gobernuei, hurrenez hurren.

Gallegoren hitzetan, «indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa eta antzeko funtzioak duten langileen hitzarmen bat» aplikatzea egokia deritzo ELA sindikatuak, «pentsatzen dugulako eskubide berdina daukatela gainontzeko langileek dauzkaten eskubideak izateko eta ez dutela zertan kondenatuta egon langileen estatutoa aplikatzera».

«Gure eskubideak erreibindika ditzagun»

Manifestazioaren lehenengo lerroan izan da Maria Teresa Guzman, hamabi urtez etxe batean lan egindakoa. Mobilizazioa hasi baino lehen NAIZi azaldu dionez, ezin du gehiago lan egin bizkarrezurreko gaitz batengatik, lanak eragindakoa.

Etxe horretan lanean sartu zenean, «migrantea izateagatik lana bikoiztu zidaten, aurretik hemengo bi pertsona kaleratu zituztelako», salatu du Guzmanek. Bost pertsona, tartean mugikortasun urriko neskato bat, zaintzen egon zen, «egun batetik bestera« kaleratu zuten arte.

Orduan eskaini zioten ordain ekonomikoa ez zetorren bat hamabi urtez egindako lanarekin, Guzmanen ustez, eta nagusiaren partetik indarkeria mehatxuak jaso zituela dio. Orduan, sindikatuaren eta Munduko Emakumeak ‘Babel’ elkartearen laguntzarekin, «hala moduzko» ordaina jasotzea lortu zuen.

«Beti aldarrikatuko dut etxeko langileok beldurrik ez izatea, esplotatzen ez uztea, esklabotza jada gainditu delako», adierazi du. «Gure eskubideak erreibindika ditzagun eta kontratatu gaituztena baino lan gehiago egiten utz ez diezaiogun geure buruari».

Horretaz gain, «soldata duinagoa», lanorduak «errespeta daitezela» eta medikuarengana joateko eskubidea defendatzen ditu Maria Teresa Guzmanek, azken hau bereziki, «nire etxean ez nuelako eskubiderik medikuarengana joateko ere».

«Familia artean gaudela esaten digute eta horrela sentiarazten gaituzte, arazorik egon ez dadin eta salaketarik jar ez dezagun», amaitu du.