INFO

Altunaren GPS-ak ez du hutsik egiten eta txapelketatik atera du Baikoren apusturik sendoena

Jon Mariezkurrenari eskuin eskua ondatu zaio partida hasi eta berehala eta Erik Jakak eta Berriozarkoak agur esan diote txapelketari. Emaitza honekin Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak eskuratu dute finalerako txartela.

Altuna eta Martija elkar zorionduz eta Jaka-Mariezkurrena elkar kontsolatuz partida amaieran. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Kirolean, denbora luzean onena izatea ez da nahikoa izaten gauzak erabakitzen diren orduan ordura arteko bidetik ihes egiten bada eta horixe gertatu zaie azken hiru hilabeteetan bikoterik onena izan den Erik Jaka eta Jon Mariezkurrenari, hein handi batean, aurreko urteetan gertatu bezala, Berriozarko atzelariari unerik desegokienean mindu baitzaio bere armarik nagusia duen eskuin eskua. Beste aurkariren baten aurka, gabezia horiek hobeto ezkutatu ahalko zituzten agian, baina denbora luzean jokatu duten lehen kale edo baleko partida merkatuko GPS-rik zehatzena duen Jokin Altunaren aurka jokatzea egokitu zaie, amezketarrak odola usaindu du eta partida distiratsu baino eraginkorragoa eginez, txapelketatik atera du Baikoren apusturik sendoena zen bikotea, bide batez, Peio Etxeberria-Zabaleta finalerako zuzenean sailkatuz. Beste txartela igandean banatuko da Eibarko Astelenan eta 2022ko txapeldunek Artola-Imaz izango dituzte parean, kanporaketa zuzen baten moduko partidan.

Jokoan zegoenarengatik, tentsioagatik, edo Bizkaia pilotalekuak berak ere gehiegi laguntzen ez duelako, Miribillako kantxan zegoen giroaren pareko hoztasunarekin hasi da partida. Erik Jakak lehen sakean falta eginda, pilotakadarik jo behar izanik gabe aurreratu da Aspeko bikotea eta Martijak lehena jo duenerako 0-4 aurreratu dira amezketarra eta Etxeberrikoa. Txarrena, ordea, ez da hori izan, partida hasi eta berehala Jon Mariezkurrenari pilota bat sartu zaio eskuin eskuan eta partida sufrikario latza bilakatu da Berriozarrekoarentzat.

Julen Martijak ere, ohikoa baino urduriago, pilota gozatu ezinik hasi da, Erik Jakari errematera pasatzeko aukerak eskainiz, baina Jon Mariezkurrenak erraz dominatu ezin zuela igarri dionean, lasaitu eta mina egiten hasi zaio, pilota gehiegi atzeratu baino, ezker paretara ondo arrimatuz.

Altuna, jaun eta jabe

Baina Berriozarko atzelariaren gabeziei inork etekinik atera badio, hori Jokin Altuna izan da. Azkenerako airez Erik Jakak baino bi tanto gutxiago amaitu ditu, baina partidaren kontrola erabat izan da berea, Mariezkurrena sasoi betean egongo balitz baino jokoan sartzeko aukera askoz gehiagorekin, pilotakada bakoitzari zentzua emanaz eta kolpe bakoitza frontoiaren  gune desberdin batera bidalita, lekutik atera ditu aurkariak eta hasieran lortutako lau tantotako alde hori arazo handirik gabe kudeatu eta handitu dute.

Lagunaren ezinak ikusita, saiatu da Erik Jaka ere antzeko zerbait egiten, jokoan urrutitik sartuz Aspekoak tranpan erortzea saiatuz, baina lizartzakoak bere atzelariaren dependentzia askoz handiagoa du tantoak egin ahal izateko eta ezinezkoa egin zaio. Kontrara, Jokin Altuna eskuinez oso fresko ikusi dugu, pilota ondo atzeratu eta 4-8koan baita errebotean jartzen ere, eta ez dira asko Bilbon halakorik egin dutenak.

Lehen aldea tanto motzekin eskuratu badute ere, 47 pilotakadekin 2-7 jarri dira aurretik, tantoak luzatzeak ere mesede egin die amezketarrari eta bere partidako huts bakarra txokoan egindako dejada bat eramaterakoan «piedre» egiteagatik –bestela tantoa berea zuen– Martija oso sendo bati. Aspeko bikoteak, batez ere Altunak, oso txapelketa bihurria izan du lesioengatik, baina txapelketaren une beroetara sasoi betean iristea lortu du eta finala urrats bakarrera dute.

FITXA TEKNIKOA:

Jaka-Mariezkurrena: 13

Altuna-Martija: 22

Pilotakadak: 503. Iraupena: 61,12 minutu. Markagailua: 0-4, 2-4, 2-7, 4-7, 4-8, 5-8, 5-11, 6-11, 6-12, 7-12, 7-14, 9-14, 9-16, 11-16, 11-20, 12-20, 12-21, 13-21, 13-22. Sakeak: 1 (falta 1) Jakak eta 3 Altuna III.ak. Egindakoak: 8 Jakak, 1 Mariezkurrenak, 9 Altuna III.ak eta 3 Martijak. Galdutakoak: 4 Jakak, 3 Mariezkurrenak, 3 Altuna III.ak eta 1 Martijak. Gorabeherak: Betekadarik ez baina 1.000 ikusleren langa gaindituta Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Lehen sakea gorri.