INFO

«Van Gogh Experience» Bilbon: kolore eta musika karrusela

Apirilaren 9ra arte Deustuko Next Museumean Vincent Van Gogh artistaren maisulanen barruan bizi daiteke, literalki. Hau ez da margo erakusketa hutsa, oinazeak ezaugarritutako margolariaren bizitzaren barruko murgiltzea baizik.

Van Goghek margotutako gela barruan gaudela dirudi. (A.R.)

Van Gogh Experience» delakoa Bilbora heldu da azkenik, Deustuko Next Museum-era, hain zuzen ere. Apirilaren 9a bitarte, Herbehereetako artistaren bizitza berrikusi daiteke, baina modu ezberdin batez. Ia urpekaritza ariketa da eskaintzen dena, bere jarduera tragikoan murgilduz eta sakonduz, artelanen bitartez betiere.

12 eta 14 eurotan dira sarrerak, eta 45 minutuz luzatzen da esperientzia. Gaizki-ulerturik izan ez dadin, adi, bertan Van Goghen margoak ez direlako agertzen, ez da ohiko erakusketa, alegia. Van Goghen maisulanak bizirik dira, mugitu egiten dira, eta ikusleak nolabait bere larruan bizi ditzake, barneratu ditzake.

Arleseko logela

Bukaera tiro bat da. Azken finean, Van Goghek bere buruari tiroa egin ziolako, Auvers sur l'Oise-n, Paristik gertu. «Van Gogh Experience» honen azken pasarteak bertara eramaten zaitu, Zunderten jaiotako artistak bere bizitzari amaiera eman zion zelai hartara. Tiro bat, bele multzo bat hegaz, eta ilunpean gela...

Gela, bai: hau baita erakusketaren sekretua. Sartzerakoan, «Van Gogh Experience» honek ohiko erakusketa dirudi: artistaren bizitza laburbiltzen duten panelak (euskaraz ere bai, oso ongi) eta koadro batzuen erreprodukzioak, jatorrizkoak hainbat museotan daudelako: Amsterdamen, Parisen...

Hortik aurrera, «Experience» hori forma hartzen hasten da. Eskuin aldean, bat-batean, Van Gogh Arlesen bizi zen garaiko bere logela ageri da. Xumea, ia inozoa, tonu horiaz... hunkigarria, duda izpirik gabe. Egilearen koadroan ematen du perspektiba arraroa erabili zela, okerra-edo; hemen, aldiz, apur bat ordenatuago dagoela dirudi. Zenbat aldiz ikusi dugu gela hori, liburuetan edo, agian, Van Gogh Museoan, Amsterdamen? «Experience» hau nolabait teoriatik praktikara bidea egitea da.

Aurreraxeago, Van Goghen beste ikur bat etorri zaigu begietara: eguzki-loreak. Erakusketaren benetako gakora hurbiltzen ari gara.

Biluzik den aretoan

«Van Gogh Experience» hau errealitate birtualaren bidez gozatu nahi izanez gero, betaurreko batzuk har daitezke sarreran, lau euroren truke. Gure kasuan ez ditugu hartu, baina agian ikusgarritasuna are hobea litzateke horiekin. Azken geldialdia areto handi batean da. «Biluzik» dagoen areto batean. Bertan aulki batzuk, ez besterik. Eta hor hasten da karrusela, musikaz eta kolorez betea.

Agian ordurako abiapuntua galdu duzue eta beste toki batean agertuko zarete, baina ez kezkatu, ibilbideari buelta eta erdi emanez konpon daiteke, 40 minutuko bisita gehi... luzapena. Kontua da Van Goghen existentzia eta esentzia bizi ditzakegula, zinez. Eta zein da hori? Nire uste apala hau da: hasieran sekulako pena islatzen dute bai berak bai bere artelanek, zenbat kolore eta argitasun eta aldi berean zein handiak diren tristura eta malenkonia. Gainera, Vincenten joan-etorri eta gorabeherei buruzko detaile guztiak dakizkigu, misteriorik ez zuen pertsona da, milaka gutun idatzi zizkiolako Theo anaiari, ia egunero.

Eta gero, arrakasta, hil ondoren jakina denez, neurri handi batean artistaren gertutasunari esker: denok noizbait bere frustrazio berberak izan ditugu; denok inoiz gure bizitza aldatzen saiatu izan gara, maiz etsi-etsian, Van Goghek egin zuen moduan; eta zenbait aldiz, bidegabekeriaren bat salatu ostean bakarrik edo burua galduta sentitu gara. Ba hori dena agertzen da «Van Gogh Experience» honetan.

Margoen bidezko bidaia da, bere gorabeheren barrukoa. Bidaia fisikoa ere bai: Herbehereetatik hasita Auversen hil zen arte, Paris tartean dela. Eta artistikoa, noski: errealitatean oinarritu zen hasieran Van Gogh, gero inpresionismoari heldu zion eta azkenik sinbolista bilakatu zen.

Margoak bizirik

Bilakaera hau oso ongi antzematen da erakusketan. “Patata-jaleak” margoa oso ezaguna da, Van Gogh errealistaren adierazle, baina inoiz ez dugu ikusi gixajo multzo hori benetan jaten, ahoa mugitzen; margoak bizirik dira. Eta aipagarria da musika ere: Bach, Strauss eta Carl Orff, besteak beste. Oso potentea da Carmina Buranaren “O fortuna” entzutea Van Goghen hainbat auto-erretratu mugitzen diren bitartean, txanpon makinen antzera, azkenean gelditu arte: «Semper crescit/Aut decrescis/Vita detestabilis», crescendo; efektua ikaragarria da.

«Experience» honen oztopo bakarra aretoko zutabeak dira. Gelaren barruan mugitu daiteke, 360 graduko esperientzia izateko, baina erdian traba horiek izatea ez da gauza erosoa, batez ere koloreak gure begietan «korrika» ari direnean. Edozein kasutan, oso ideia egokia da erakusketa hau, batez ere artista baten lanak toki askotan sakabanatuta direnean. Izan ere, non ikus genezake Van Goghen opera omnia 40-45 minututan? Modu interaktibo honekin hori lortzen da, museo batetik bestera ibiliz baino askoz hobeto agian, jatorrizko bertsioan izan ez arren.

Hala ere, esan beharrekoa da Van Goghen mundua ulertzeko badela Deustuko museoa baino toki egokiago eta hunkigarriago bat: Arleseko Place Lamartine. “Etxe horia” koadroan dago hori, eta hortik paseatzeko aukera bada... Arles ez baita gugandik oso gertu.