Epaitu duten Bizkaiko Metalgintzako langilea babestu eta borroka sindikala defendatu dute
Borroka sindikala «ez dela delitua» aldarrikatzeko elkarretaratzea egin dute zenbait sindikatuk Bilboko epaitegiaren aurrean, asteazken honetan epaitua izan den Metalgintzako langile bati elkartasuna adierazteko.
2022an Bizkaiko Metalgintzan izandako 11 greba egunetan egindako piketeetan eta mobilizazioetan parte hartzeagatik epaitu dute langile bat asteazken honetan Bilbon. Elkartasuna adierazteko eta borroka sindikala «ez dela delitua» defendatzeko elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurrean CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek.
Ohar batean gogorarazi dutenez, greba egun horiengatik 22 prozesu judizial ireki dira, batzuk artxibatuta daude baina oraindik lau pertsona epaiketaren zain daude. Desordena publikoak, koakzioak, erresistentzia eta agintearen aurkako erasoa dira akusazioak.
Halaber, langileen aurka 15 isun ekonomiko jarri direla oroitarazi dute, 91 eurotik 1.200 eurora bitartekoak. «Badakigu ez direla azkenak izango», deitoratu dute, 2019an egindako grebetan 17 pertsona pasa zirelako epaitegietatik eta zigor ekonomikoak «ugariak» izan zirelako.
Ertzaintzaren muntaiak
«Salaketa horiek guztiak Ertzaintzak egindako muntaietan oinarrituta daudela» salatu dute; izan ere, «langileak eta sindikatuetako ordezkariak mehatxatu eta jipoitu zituen eta zortzi pertsona ospitaletik pasatu behar izan ziren, greba eskubidea zapaltzeko erabilitako basakeria polizialaren ondorioz».
«Ertzaintza, patronalaren aginduz, greba batzordea enpresetara sar ez zedin saiatu zenean gertatu ziren jarduera horietako gehienak. Zenbait enpresak ukatu egin zioten batzordeari greba egunetan barrura sartzea, enpresen barruan eskubiderik urratzen ez zela egiaztatzeko», zehaztu dute sindikatuek.
Erabaki politikoak
Hortaz, salatu dute patronalaren jarrera eta Ertzaintzaren «inpunitatea erabaki politikoak» direla. Diotenez, «Metalgintzako milaka langilek grebetan eta mobilizazioetan modu baketsuan parte hartu zuten egunetan, atxiloketak, identifikazioak eta kolpeak izan ziren Eusko Jaurlaritzaren estrategia Bizkaiko Metalgintzaren borrokaren arrakasta borobila ezkutatzeko».
Beraz, Ertzaintzari eta Lakuako Gobernuari exijitu diote jarritako salaketa eta isun ekonomiko guztiak kentzea. «Langileen eskubidea eta gure eskubideak defendatzea ez da inoiz delitu izango», aldarrikatu dute. «Hori dela eta, argi eta garbi diogu salaketek, isunek eta errepresioak ez dituztela geldituko lan eta bizi baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak», gaineratu dute.