INFO

Soilik emakumez osatutako lehen udal gobernua dauka Larrabetzuk

Ia bederatzi urte eta gero, Iñigo Gazteluk (EH Bildu) Larrabetzuko alkate izateari utzi zion. Amaia Lekuek hartu du lekukoa, eta Mari Aiartza zinegotzi berriaren izendapenarekin, herriaren historian soilik emakumez osatutako lehen udal gobernua daukate.

Soilik emakumez osatutako Larrabetzuko lehen udal gobernua. (NAIZ)

Larrabetzun udal gobernu talde berria daukate. EH Bilduko Amaia Lekuek hartu du Iñigo Gazteluren lekukoa eta Mari Aiartza zinegotzi berria izendatu dute asteazken honetan. Hala, herriaren historian soilik emakumez osatutako lehen udal gobernua da.

Otsailaren 28ko osoko bilkuran, Iñigo Gazteluk Larrabetzuko alkate izateari utzi zion. Sare sozialen bidez azaldu zuenez, «erabakia pertsonala da. Ia bederatzi urte daramatzat Udala eta udalerriarentzat lanean, beste gauza guztien gainetik, eta azken hilabeteetan motxila honek pisu handiegia dauka».

Halaber, etorkizunera begira «zinegotzi talde ona» dagoela ohartarazi zuen EH Bilduko alkateak, «ilusioz eta gogoz, onartutako gobernu planari aurre egiteko. Irakats nezakeen guztia mahai gainean jarrita, dagoen gobernu taldeak ondo egingo duela seguru nago. Eta nik laguntzeko prest jarraituko dut».

Ildo horretan, asteazken honetan osatu dute udal gobernu talde berria, eta Amaia Lekuek hartu du Iñigo Gazteluren lekukoa alkate gisa. Mari Aiartza zinegotzi berriaren izendapenarekin, Larrabetzuk emakumez osatutako lehen uda gobernua izango du. «Ohikoa balitz ez genuke nabarmendu beharko. Posible dela ikusarazteko goratu behar dugu», azpimarratu dute udal gobernutik.