«Harro herri», kanta apurtzaile, itsaskor eta aldarrikatzailea
«Harro herri» da 23. Korrikaren leloa eta baita aurtengo ekitaldiko kantaren izenburua ere. Maite Arroitajauregi «Mursego» musikagile eibartarrak konposatu eta sortu du, Amaia Astobiza, Ibon Rodriguez, Mikel Aizpurua eta beste hainbat musikariren laguntzarekin.
Bost hilabete luze behar izan dituzte Korrikaren kantua sortu eta atontzeko. Ekoizpen prozesua, alta, uneoro gozatu dutela adierazi digu Arroitajauregik. Ez hori bakarrik, haren esanetan abestia talde lan oparoan osatu dute eta 60. hamarkadako pop barrokoan oinarritu dira bizia emateko.
Arroitajauregik berak iragan abenduan egindako aurkezpen ekitaldian azaldu zuen bezala, sortutako abestia hainbat zati ezberdinez osatua dago: «Kantuaren barruan hiru kanta ezberdin eta mini-sinfonia modukoa ere sortu dugu. Atea zabaldu nahi izan diegu azelerandoei, disonantziei, kaos modukoei, keinuei... Eta hainbat kantariren artean abestua egon arren, apenas inor ez nabarmentzeari, masa bat irudikatzeari eman nahi izan diogu garrantzia».
Musikari eibartarrak adierazi digunez, «Korrikaren abestia sortzeko ardura eskaini zidatenean, poz handiz hartu nuen gonbita, eta ilusio handia egin zidan. Baina era berean, erantzukizun handia sumatu nuen niregan, kantu on bat egin beharraren erantzukizuna, alegia».
Arroitajauregiren arabera, bestalde, proiektuaren hastapenetik bertatik, lan eskerga egin dute konposizio lanetan. Dioenez, «letra ardatz hartuta melodia eta hezurdura sortzea izan ziren lehenengo urratsak. Behin hura taxututa, kantuari egin beharreko konponketen inguruak jolasten eta horiekin eztabaidatzen jardun dugu, adostasun oso batera heldu garen arte.
Ahotsen armonia bilatzen saiatu gara; 60ko ohiko instrumentazioa (baxua, gitarra eta bateria) eta instrumentu akustikoak (haize sekzioa, soka sekzioa, pianoa, organoa, klabikordioa, flauta...) nahastu nahi izan ditugu, eta keinu berezi bat egin Chariots of Fire filmari».
Era berean, onartu du hasiera batean gorabehera asko izan zituztela kantaren lehen haziarekin. Haren hitzetan, «nik nire gustuen araberako zerbait sortu nahi nuen, nire izaera islatuko zuen zerbait. Gerora, ordea, ohartu nintzen publiko zabal batentzako abestia izan behar zela. Hori dela eta, hasierako asmo horiek zenbait aldaketa izan zituzten proiektuak aurrera egin ahala. Hortaz, umeek abestu eta dantzatzeko, lagunarteko festarako, zein errepidean oihukatzeko balioko duen zerbait egiten saiatu gara».
Hala ere, artista eibartarrak onartzen du euskararen aldeko ekitaldi erraldoietan izaten diren kanten ohiko estilotik aldendu nahi izan duela, eta desberdina den zerbait sortu. «Euskara aldarrikatzeko ekimenetako kanta eta doinuei antzeko kutsua eman izan zaie azken urteetan; eta nik, umiltasunetik, horrekin apurtu nahi izan dut; hau da, nire ekarpena egin». Azkenik, zera onartu du: «Lanak ez du zertan kanta on bat bermatu behar, baina daukazun guztia eman duzunean harro sentitzen zara egindakoarekin».
HAMAIKA ALDARRI
Abestiaren letra, ostera, Amaia Astobiza zornotzarrak idatzi du eta euskararen erabilera bultzatzearen beharra aldarrikatzen du, baina ez hori bakarrik, teknologia berriek eta sare sozialek gure gizartean duten presentziari ere keinua egin nahi izan diote. Hala, mundu birtuala alde batera utzi eta mundu erreala besarkatzeko deia egiten dute kantuaren hitzek.
Artista eibartarrak, gainera, sorkuntza lanetan, uneoro, alboan izan dituen kideen laguntza handia nabarmendu nahi izan du. Abestian zehar haren ahotsaz gainera, Olatz Kau Kori Kura, Ibil Bedi talde nafarreko kideak eta Ibonrg-ren ahotsak aditu daitezke. Azken hori, halaber, konposizioaren ekoizpenaz, gitarraz, pianoaz eta teklatuaz arduratu da, baita midiak sortzeaz ere.
Lapurdiko artistek ere kolaboratu dute proiektuan: Marie Hirigoyen flautarekin eta Asier Ituarte tronboia joaz.
Denborak aurrera, baina borroka berbera
Abestiarekin batera, pasa den abenduan Eibarko Juan Bautista Gisasola musika eskolan egindako agerraldian Korrikaren aurtengo ekitaldiko bideokliparen aurkezpena egin zuten Maite Arroitajauregik eta Ane Elordik, Korrikako koordinatzaile berriak. Bideoaren ekoizpena Amaia Badiola Elgezabalek zuzendu du eta hura, batik bat, iragan edizioetako bideoez hornitu du.
Urteetan zehar Korrikan bildutako irudien eta momentuen aberastasuna balioan jarri nahi izan zuen Elordik. Haren arabera, «23 ediziok eta 43 urtek askotarako ematen dute; besteak beste, ikusteko zer nabarmenak diren Korrikan mota guztietako bilakaerak: gizartea, aldarrikapenak, estetika, komunikatzeko erak... baita gauza horiek guztiak jasotzeko teknikak ere». Horrekin guztiarekin irudikatu nahi izan dutena da euskara iraunarazteko borondatea irmoa izan dela eta izango dela euskal gizarteko sektore zabalen partetik.
Bideokliparen sortzaile Badiolaren hitzetan, aldiz, «bideoklipa batzuetan da nostalgikoa, beste batzuetan polita, eta punkia ere izan daiteke». Argi dagoena da ekoizpen horrek argi erakusten duela euskal gizarteak azken hamarkadetan izan duen bilakaera eta aldaketa. Baina guztiaren gainetik, hizkuntza bizirik mantentzeko grina izan dela mantendu dena, aldatu ez dena, alegia.
Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Badiolarekin batera, ekoizpen eta edizio lanetan aritu diren Gerard Borras eta Jorde R. Barraycoaren lan aparta.