INFO

Konponbide osoari bidea irekitzeko bi bakegile errugabetzea galdetu dute Luhuson

«ETAren armagabetzea lortzeko» 2016an eginiko «desobedientzia ekimena» beharrezkoa soilik ez zilegia izan zela defendatzeko gizartearen ordezkaritza zabala bildu da, gaur Luhuson, bide batez apirilean Parisen epaituko dituzten Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberriren errugabetzea galdetuz.

Jean-François Mignard (LDH), Anaiz Funosas (Bake Bidea) eta Daniel Elixeri (Bakegileak), larunbat honetan Luhusoko agerraldian parte hartu duten 200dik gora herritarren aurrean. (Patxi BELTZAIZ)

2016ko abenduaren 16an Luhuson Beatrice Molle-Haranek -eta bere senarra zenak, Ximun Haranek- Luhuson duten etxean ez aurrera ez atzera zegoen ETAren armagabetze prozesuaren pizgarria bilakatu zen ekimena martxan eman zuten aitzindari izan ziren dozena erdi bat bakegilek.

Mixel Bergouignan, Mixel Berhokoirigoin, Mixel Tubiana eta Jean-Noel Txetx Etxeberri, kamera den Stephane Etxegaraik lagundurik Beatrice Mollek duen etxean ETArena zen armen multzoa indargabetzeko hitzordua hartu zuten Lapurdiko herrian.

Frantziar Poliziak ekintza eten bazuen ere, bertan ziren lagunak atxilotuz, ekintzaren berri emateko aitzinetik prestaturiko protokoloak ez zuen kale egin.

Albistea barreiatu eta berehala erantzuna heldu den, lehenik Luhusoko plazatik baitatik etan egun gutxitara milaka lagun Baionako karriketan bildu zuen manifestazioaren bidez.

Armagabetzea bururatzeko ezinbesteko aktorea izan zen gizarte zibiletik sorturiko bakegileen mugimendua abian zen.

Zazpi urte eta erdi igaro dira ekintza horretatik.

Ehunka bakegileen laguntzaz ETAren armagabetzea bururatu zen, 2017an Baionan, frantses Barne Ministaritzak berak aitortu zuenez «modu egokian» igaro zen jardunaldi historiko batean.

Handik urtebetera, erakunde armatuak mende erdiko ibilbideari behin betiko amaiera eman zion.

Euskal Herrian aro politiko berri batean dagoela, ordea, Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etxeberri epaituko dituzte, apirilaren 2an eta 3an, Pariseko Auzitegi Korrekzionalean.

Alta, 2017ko apirilaren 8ko armagabetze eguna egikaritzeko «indar kolektiboari bide eman ziola» Luhusoko ekimena argi eta garbi adierazteko eta, ondorioz bi auzipetuen zuritzea galdetzeko, 200dik gora lagun bildu dira, larunbat goizean, Luhusoko etxerik famatuenaren aitzinean.

Bertatik esker oneko hitzak haizeratu dituzte, orduan arriskua hartuz Aieten finkaturiko bide-orria betearazteko determinazioa erakutsi zuten herritarren omenez.

Hitz bereziki gozoak izan dituzte denbora honetan nonbaitera joan diren Mixel Bergouinan, Mixel Berhokoirigoin eta Michel Tubianarentzat.

Lehenengo biren familiak izan dira ekimenean, eta NAIZekin mintzatuz, galdutako aitari eginiko aitortza aintzat harturik, «Bea eta Txetxen zuritzea» galdetu du Iñaki Berhokoirigoinek.

Armagabetze prozesuaren alde ari ziren ETAko militante bi etxean hartu izanagatik epaitua izan zen Terexa Lekunberrik Luhusoko biak zuritzea galdetu du baitaere.

Ortzaizen garatu zen polizi-operazioaren baitan berarekin batera atzeman zuten Graxi Etxebehere izan du gogoan NAIZi eginiko adierazpenetan Lekunberri, iragan agorrilean zendu baitzen bake artisaua.

Gaurko agerraldian izan da, baita ere, Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidente izan zen Michel Tubianaren lanari segida eman dion Jean-François Mignardek.

Hautetsien ordezkaritza zabala

Iragan urtarrilaren 18an bi bakegileen sostenguz abiaturiko kanpainak  6.000 sostengu inguru bildu ditu.

Etxeberri eta Molle-Haran errugabetzea galdetzen duen manifestuarekin bat egin dute, hala nola, zortzi ministro ohik, 35 bat parlamentarik eta hamarnaka auzapezek.

Esaterako, apirilaren 2an eta 3an iraganen den auziak inolako zentzurik ez duela azaltzeko elkartu dira Luhuson Parisen parlamentari gisara aritzen diren Vincent Bru, Max Brisson, Iñaki Echaniz eta Frederique Espagnac. Baita Madrilgo kongresuan diputatua den Mertxe Aizpurua ere.

«Giza eskubideen eta bizitza demokratikoaren errespetuaz axolatzen diren gure lurraldeko sentsibilitate politiko guztiak eta bertako instituzionak ordezkatzen dituzten hautetsiak bat etorri dira», nabarmendu dute ekimenen hitza hartu duten Anaiz Funosasek Bake Bideako presidenteak eta Daniel Elixiri Bakegileen ordezkariak.

Bestalde, Luhusora bertaratu da Jean-Rene Etchegaray, Euskal Elkargoko burua, baita Ipar Euskal Herriko erakundean jarduten duten familia ezberdinetako kontseilariak ere.

Han izan dira, besteak beste, Daniel Oltzomendi lehendakariordea eta Izurako auzapeza eta Peio Etxeleku EAJ-PNBren IBBKo burua.

Euskal Herriko zein Hexagonoko jendarte zibileko ordezkari andana batu dira, bestalde, bi bakegileen aldeko kanpaina horretara, baita nazioarteko eremutik ere.

«Deia argia da, Euskal Herrian aro berri bat behin betiko ireki ahal izateko, Txetx eta Beatrice errugabetzea», aldarrikatu dute bertan bildutako guztien izenean hizlariek.

Apirilaren 3an, elkarretaratzeak herriko etxeen aitzinean

Epaiketari begira «seinale indartsua» emateko eta handik harago 'Errugabetzea Euskal Herrian aro berri bat behin betiko irekitzeko», apirilaren 3an, Maulen, Donibane-Garazin, Baionan, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen elkarretaratzeak deitu dituzte.

Herriko Etxeen aitzinean iraganen diren mobilizazioatera bertaratzeko gonbidapena zabaldu dute bakegileek.