Athleticek Aitor Paredesen lan bikaina saritu du, eta 2029ra arte luzatu dio kontratua
Arrigorriagako mutilak Iñigo Martinezek utzitako hutsunea bete behar izan du, eta oso maila altua eman du Vivianen alboan. Mikel Gonzalezek nabarmendu duenez, Athleticen bilatzen ari diren «erdiko atzelariaren profilaren adibidea da», eta Lezaman hezitako jokalaria dela gogora ekarri du.
Aitor Paredesek sekulako maila eman du denboraldi osoan zehar. Ziur asko klubean ere espero ez zutena. Izan ere, ikasturte hasieran Mikel Gonzalez kirola zuzendariak onartu egin zuen merkatura jo zutela erdiko atzelari baten bila. Hala, Laporte eta Azpilicuetarekin harremanetan jarri zirela azaldu zuen Iñigo Martinezen irteerak utzitako hutsunea betetzen saiatzeko. Hala ere, ez zuten akordiorik erdietsi, eta etxeko jokalarien aldeko apustua egin zuten. Derrigortuta hartutako erabakia izan arren, bikain atera dela esan daiteke.
Paredes Lezaman hezitako jokalari bizkaitarra da. Hain zuzen ere, Arrigorriagan jaioa 2000. urtean. 10 urterekin sartu zen harrobian, eta 22rekin egin zuen debuta lehen taldearekin. Zentzu horretan, Mikel Gonzalez kirol zuzendariak «harro» egoteko moduko «eredu bat» dela nabarmendu du Athleticen harrobian egin duelako ibilbide osoa.
Iaz iritsi zitzaion lehen aukera Ernesto Valverderen eskutik. 17 partida jokatuta amaitu zuen denboraldia, baina kosta egin zitzaion mailarik onena ematea. Ikasturtearen azken txanpan taldeak izan zuen gainbeherak ere ez zion batere lagundu.
🛡️4⃣
— Athletic Club (@athletic_eus) March 21, 2024
✊ #AitorParedes2029#AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/Wf9eEYrB1W
Aurten, berriz, hamaikakoetan egonkortzea lortu du. 32 partida jokatu ditu, eta gol bat ere egin du Lehen Mailan. Yerayren lesioak titularra izateko ateak ireki zizkion, eta partidak jokatu ahala hazten joan da. Norgehiagoka batzuetan zailtasunak izan ditu. Esaterako, Celta eta Valentziaren aurka San Mamesen jokatutakoak. Dena den, jasotako konfiantzarekin postua bereganatu du erdiko atzelari gisa. Gainera, ezkertia izan gabe, ezkerretik jokatzera moldatu da.
Mikel Gonzalez kirol zuzendariak ere horrela goraipatu du kontratua 2029ra arte berritu ostean. «Ezker profilean jarduteko erraztasuna dauka», azpimarratu du. Era berean, gaineratu du «indartsua, oldarkorra, azkarra eta aurrera egiteko gaitasun handikoa» dela. «Athleticen bilatzen ari garen erdiko atzelariaren profilaren adibidea da», ziurtatu du.
Paredes oso pozik agertu da klubak komunikabideei helarazitako adierazpenetan. Bizkaitarra eta Athleticen zalea izanik, «amets bat betetzea» dela adierazi du, eta gogor lan eginez lortu daitekeela esan du.
Halaber, berritzea sinatu ondoren, kirol erronkei aurre egiteko gogotsu dagoela adierazi du. Aipatu duen moduan, liderraren kontra jokatu behar dute martxoaren 31an Madrilen, eta Txapeldunen Ligarako lehian daude Ligan. Datorren apirilaren 6an Sevillan jokatu behar duten Kopako finala ere gogoan izan du.
🗣️ @paredesaitor4
— Athletic Club (@athletic_eus) March 21, 2024
"Poztasun handia sentitzen dut San Mamesen, nire taldekideekin batera, kamiseta hau defendatzen jarraitzeagatik"
"Erronka politak ditugu aurretik. Lehenengo, liderrari bisita Championseko postuak defendatzeko. Gero, Kopako finala Sevillan"#AitorParedes2029… pic.twitter.com/XytrJ7Y9LK
Hurrengo denboraldira begira
Paredesen berritzearekin Athleticen lotuta dauka epe ertainera erdiko atzelarien postua. Izan ere, Vivianek eta Yerayk ere 2026ra arte baitaukate kontratua. Bestalde, hainbat jokalariren etorkizuna zein izango den zehaztu gabe jarraitzen du oraindik, kontratua amaitzen baitzaie denboraldi amaieran. Egoera horretan daude Muniain, De Marcos, Raul Garcia, Dani Garcia eta Herrera. Baita Berenguer ere, baina nafarraren kasuan berritzeko proposamena jaso duela zabaldu da komunikabide ezberdinetan. Dirudienez, negoziatzen ari dira beste klub batzuen eskaintzak ere baitauzka mahai gainean.
Horrez gain, Athleticek egin du dagoeneko hurrengo urtera begirako lehen fitxaketa. Sporting Braga taldeko aurrelaria den Alvaro Djalo, hain zuzen ere. Alavesen defentsaren eskuin hegalean ari den Andoni Gorosabel, eta Gironako erdilaria den Ivan Martin ere talde zuri-gorriko jokalariak izan daitezkeela argitaratu da. Hiru jokalariek Euskal Selekzioarekin jokatuko dute larunbat honetan Uruguayren aurka San Mamesen.