INFO

Aita Mari ontzia Bilbora iritsi da, proiektua euskal herritarrei azaldu asmoz

Ostiral arratsalde honetan iritsi da Aita Mari laguntza humanitarioko itsasontzia Bilbora. Bertan egongo da maiatzera bitarte, eta herritarrek berau bisitatzeko aukera izango dute. 12. misioa amaituta Euskal Herriratu dira Aita Mariko kideak, Mediterraneaoan 43 pertsona erreskatatu ondoren.

Aita Mariko tripulazioa Bilbora iritsi denean. (Foku)

Aita Mari laguntza humanitarioko itsasontzia Bilboko itsasadarrera iritsi da ostiral arratsalde honetan, Itsasmuseumaren parera, bere 12. misioa amaitu ondoren. Mediterraneo erdialdean 43 pertsona erreskatatu ditu.

Atlantikoko kostan zehar egin duten ibilbidean izan duten eguraldi onaren ondorioz, itsasontzia uste baino lehenago Euskal Herriratu da. Apirilaren amaierara arte egongo da Bilbon, eta maiatzean Pasaiarantz abiatuko da, Itsas Festibalean parte hartzeko.

Herritarrek itsasontzia noiz bisitatu ahal izango duten hurrengo astean jakinaraziko da, baina aurreratu dute migrazioaren arrazoiak eta egungo egoera hainbat ikuspegitatik lantzeko aukera izango dela.

Bilbora iritsi da Aita Mari ontzia ostiral arratsalde honetan.

Aita Marik Vinaros edo Burrianako Mediterraneoko portuetan du egoitza, baina oraingoan misioen arteko bi hilabeteak Euskal Herrian emango ditu. Euskal Herrira etortzearen helburua eguneraketak egin eta proiektua herritarrei hurbiltzea da.

«Aita Mari gure uretara itzultzeko helburua bikoitza da. Alde batetik, egiteko dauden eguneraketetako batzuk eta dagozkion doikuntzak egitea; horregatik, crowdfunding kanpaina aktiboki mantentzen dugu Bilboko portura iritsi arte. Eta, bestetik, proiektua euskal herritarrei hurbiltzea. Zor hori ordaindu gabe dago Euskal Herriarekin, 2020tik ez baita etxera itzuli», azaldu zuen SMHk ohar batean.

Euskal Herriaren ordezkari

Ongietorri oparoa izan du Bilbon Aita Marik, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartea, Lakuako Gobernuko ordezkariak eta EAJko zein EH Bilduko kideak bertan izan dira, besteak beste.

EH Bilduko Oihana Etxebarrietak Aita Mari «gobernuek egin beharko luketen lan bat egiten» ari dela azpimarratu du, eta egiten duten lana txalotu: «Batzuek mugen Europa ezarri nahi duten bitartean, Aita Mari giza eskubideetan oinarritutako Europa bat eraikitzeko eta pertsona askeen mugimendu askea bideratzeko proiektua da, mugen Europa horri aurre egiten saiatzeko mugimendu bat».

Xabier Legarreta Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendaria ere bertan egon da, eta Aita Mariko kideen lana goraipatu du: «Asko gara Aita Mari proiektuaren atzean dauden balioekin identifikatzen garen euskaldunak».