Garaipenik gabe, baina bi beso libre dituela erakutsita egin du debuta Arkaitz Gabirondok
Zabalak ez du igande honetan azken egunetako inspiraziorik izan eta bere bolada ona Beotibarren amaitu da, azken asteetatik hobera egindako Elordi eta Tolosa oso serio baten aurka (22-15)
Tolosaldeak badu dagoeneko bere eskuzko bederatzigarren pilotari profesionala, Arkaitz Gabirondo atzelari gazteluarrak igande honetan jokatu duelako bere estreinako partida Asperekin. Eibarko enpresako pilotari berriak ez du garaipena eskuratzerik izan –Zabalak lagunduta 22-15 galdu du Elordi-Tolosaren aurka–, baina, batez ere partidako bigarren erdian, bi beso oso libre dituela erakutsi ahal izan du.
22ra heltzerik izan ez duen arren, gazteluarrak pozik antzera amaitu du, hein handi batean partida hasiera ikusita, emaitza txukuntzea lortu dutelako berak eta bere hamar garaipeneko bolada etenda ikusi duen Javi Zabalak. Partida oso onak jokatzetik zetorren Logroñokoa eta gaur aspaldiko partidarik kamutsena jokatu du, pilota nahi bezala gozatu ezin eta tantoa amaitzerakoan ere zuloak topatu ezinda.
Gainera, parean izan duten bikotean Aitor Elordi txanpon beraren beste aldea izan da. Jokoz eta emaitzaz, mallabitarra ez zebilen bere unerik gozoenean, baina gaur beste freskotasun eta eraginkortasun bat erakutsi ditu. Hasteko, sakearekin asko nahastu ditu aurkariak eta erremateetan eraginkor aritu da oso. Atzean, gainera, Xabi Tolosak beste partida oso serio bat jokatu du eta oso pilotakada gutxitan (106) partida hautsia zela joan dira lehen atsedenaldi luzera (12-2). Aldageletatik bueltan ere pixka bat kosta zaie urdinei partidari neurria hartzea, baina pixkanaka urduritasunak gainetik kendu eta markagailua txukuntzea lortu dute Zabala-Gabirondok. Aurrelariak ohikoa duen maila berreskuratu eta bolada batez debutariak ere bere dohainak erakutsi ahal izan ditu, pilota bi eskuekin dotore luzatuz.
19-15 ere gerturatu dira markagailuan, baina partidaren lehen erdi luzean emandako erraztasunek bikaintasunera behartzen zituen eta porrota txukuntzearekin konformatu behar izan dute.
FITXA TEKNIKOA:
Elordi-Tolosa: 22
Zabala-Gabirondo: 15
Pilotakadak: 399. Iraupena: 55,36 minutu. Markagailua: 7-0, 7-1, 11-1, 11-2, 15-2, 15-6, 16-6, 16-8, 17-8, 17-11, 19-11, 19-15, 22-15. Sakeak: 2 Elordik. Egindakoak: 11 Elordik, 1 Tolosak, 8 Zabalak eta 1 Gabirondok. Galdutakoak: 6 Elordik, 0 Tolosak, 4 Zabalak eta 4 Gabirondok. Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina Tolosako Beotibarren nahiz eta betekadarik ez den egon. Harmailetan Gabirondoren aldeko pankarta ugari egon dira.