«Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena» izan dela nabarmendu dute antolatzaileek
Korrika 23 «inoiz izan den erraldoi eta anbiziotsuena» izan dela nabarmendu du astelehen honetan AEK-k Baionan egin duen agerraldian. Lasterketan inoiz baino jende gehiago izateaz gain etxetik gehien jarraitu den edizioa izan da igandean amaitu dena.
Igandean Baionan amaitu zen Korrikaren edizioa «inoiz izan den erraldoi eta anbiziotsuena» izan da, antolatzaileek gaur Lapurdiko hiriburuan balorazio egiteko egin duten agerraldian nabarmendu dutenez.
AEKko kideek emandako datuen arabera, 23. Korrikan 2.800 lekuko aldaketa, 4.900 eramaile eta hamaika egun zein hamar gau behar izan dira Irundik Baionarako ibilbidea egiteko.
«Beste behin, euskararen herriak Euskal Herri osoko errepide eta kaleak hartu ditu. Itzela izan da: argi geratu da hemen badagoela komunitate oso bat, konplexurik gabekoa; ez du onartzen kontingentzia-planik euskararen normalizaziorako: horrez ordez, egiazko trantsizio bat nahi du», adierazi dute, Garazi Arrularen mezutik zenbait adierazpen hartuz.
«Parte-hartze masibo hori herri gisa egin dugu, denok batuta. Genero, kolore eta sentsibilitate politiko anitz gerturatu dira Korrikara, euskararen aldeko ekimen zirraragarrira, herri-aldarri alai eta tinko honetara. Haietako batzuk euskaradunak dira dagoeneko; beste batzuk, euskaradunak ez izanagatik ere, badira euskararen munduaren zati. Ateak zabal-zabalik dituzte guztiok; barneratzeko bidea, libre. Euskararen herrian eroso bizi ahal izateko desioan, lekua dago edonorentzat», gaineratu dute.
Aldarrikapenak
«Etorkizunerako asmoak gauzatzeko, baina, denon laguntza behar dugu: instituzioena, kolektiboena eta norbanakoena. Harro gaude, bai, baina ez konforme. Euskararen ezagutzaren doakotasuna, unibertsaltasuna, hizkuntza-politika ausartak... jomuga dira oraindik. Asmatu beharko dugu, era berean, nola bideratu egunotan metatutako indarrak, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko, elkarlanean; euskararen normalizazioa ardatz, aurrerapausoak ematen segi dezagun», aldarrikatu dute.
AEK-k Korrikarako ezarrita zituen helburuak bete dituela gaineratu dute. Izan ere, euskararen aldeko kontzientzia astindu da eta herri-gogoa hauspotzea lortu da. Lasterketan bertan parte-hartze masiboa izateaz gaiz, etxetik ere inoizko Korrikarik ikusiena izan da hau. Aurreikuspen ekonomikoak ere onak dira, oraindik arlo honetako balantzea behinbetikoa ez nada ere.
Honekin batera, edizio honetako aldarria, Azterketak Euskaraz kolektiboarena, zabaltzeagatik poza azaldu dute.
AEK Korrikaren antolatzailea bada ere, «bideratzailea besterik ez da, atzean komunitate sendo bat, Herri Harro bat, dago parte hartzeko prest», adierazi dute.