Beste 14 gudari eta milizianoren gorpuzkiak aurkitu dituzte Zornotzako hilerriko hobian
Aranzadiko kideak Zornotzako hilerrian lanean dira atzotik, abenduan hasitako indusketaren bigarren fasean. Gaur goizerako dagoeneko hamalau gudari eta milizianoren gorpuzkiak aurkitu dituzte eta espero dute azpian dagoen beste maila batean beste horrenbeste topatzea.
Egun eta erdian hamalau gudari eta milizianoren gorpuzkiak aurkitu dituzte Zornotzako hilerriko hobian Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek. Larunbatean NAIZek aurreratu zuen moduan, atzo heldu zieten berriz ere indusketa lanei, abenduko lehen fasearen ostean Aste Santuko oporraldia bigarren faseari ekiteko baliatu baitute. Lourdes Herrasti Aranzadiko antropologoak azaldu du abenduan zedarritutako hobi berean ari direla lanean, baina beheragoko geruzetan. Une honetan aztergai duten mailaren azpian beste bat dagoela adierazi du eta, beraz, gorpuzki gehiago aurkituko dituztela datozen egunetan. Aste honetan zehar ibiliko dira lanean, gutxienez.
Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariaren bisita izan dute gaur, baita Zornotzako alkate Ainhoa Salterainena ere. Atzo, Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkidea izan zen hilerrian, indusketa lanak bertatik bertara ezagutzeko. Ezenarrok azpimarratu du Zornotzako hilerrian aurkitutakoa Euskal Herriko hobi handiena dela, hots, aldi berean egindako hobiratze kopuru altuena duena. Izan ere, Urduñan gorpuzki gehiago aurkitu zituzten baina, Herrastik azaldu duenez, banaka lurperatutakoak ziren, Zornotzakoak ez bezala.
Abenduan azaldu zuenez, hobiaren baitan hiru gune desberdindu daitezke, haietako bitan frontetik hilda ekarritako gudari eta milizianoen gorpuzkiak daude eta hirugarrenean herrian garai batean egondako ospitalean hildakoenak. Kutxarik gabe badaude ere, ez daude bertan behera botata, Herrastik berak azpimarratu duenez.
Boluntarioak ari dira Aranzadirekin lanean eta deshobiratze lanetan ari denetako bat da Kepa Ganuza. Azaldu du badagoela zerrenda bat frontetik Zornotzako hilerrira ekarri zituzten hildakoena. Dokumentazioa aztertu eta gurutzatuta, ondorioztatu ahal izan dute gehienak zein frontetan hil ziren, Ganuzak argi utzi nahi izan badu ere ez dagoela ezer zehatz jakiterik.
Horrela, kontatu du 1936ko abendu osoan izan zela Legutioko guda, eta badaudela datuak diotenak bertan hildakoak Zornotzara ekarri zituztela. Badago dokumentazioa dioena abenduaren 2tik 5era bitartean zendutako miliziano eta gudari batzuk hilerrira eraman zituztela eta datuak gurutzatuta, uste dute Legutioko gudakoak izan daitezkeela, datek bat egiten dutelako.
Sabigainen hildako batzuk ekarri zituztela ere badio Gazunak aipatutako dokumentazioak, baita Ganzabalen eta Bizkargin zendutakoak ere. Izan ere, 1937ko apirilean eta maiatzean hil eta Zornotzara eramandakoen zerrenda ere badaukate. «Denbora tarte horretan hemendik egon zen frontea», azaldu du Ganuzak. Beraz, guden datak eta heriotzen datak gurutzatuta ondorioztatzen ari dira non hildakoak izan daitezkeen, identifikazioa errazte aldera.
4.000 desagertu
Ezenarrok oroitu nahi izan du Gogoraren datu baseen arabera frontean hil ziren 4.500 miliziano eta gudari daudela lokalizatu gabe. Itxaropentsu agertu da identifikazioei dagokionean, 35 familiak eskatu baitute DNA lagina ematea. Abenduan Zornotzan aurkitutako gorpuzkiei hartu diete DNA lagina eta EHUren Donostiako Biomics laborategian ari dira senideen laginekin gurutzatzen.
Halaber, dei egin die berriro desagertutakoen familiei institutuarekin harremanetan jar daitezen eta, horrela, balizko identifikaziora eraman dezakeen prozesua has dezaten. Ondoko helbide elektroniko edo telefonoaren bidez egin daiteke: gogora@euskadi.eus eta 944 032 845.