INFO

Konfiantza erregai hartuta, Chemnitzen aurka sendo eta erotu gabe ekin nahi dio Bilbao Basketek

80 minutuko kanporaketa izango da FIBA Eurocupeko finalerdia, arrapaladan jokatzea maite duen arerio baten aurka. Norbere burua onetik atera gabe, baina jokoa alperrik geldotu gabe ere, beltzezgo gizonek beren momentu onean oinarritu nahi dute Europan aurrera jarraitzeko aukera.

Hlinasonek sufritu beharko duela badaki, baina baita arerioek ere bere aurrean sufritu beharko dutela ere. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gezurra dirudi Legia Varsoviaren aurka 19 puntuko aldeari buelta eman behar zion Surne Bilbao Basket otzan eta triste hura eta asteazken arratsaldean, 20.00etatik aurrera FIBA Eurocupeko finalerdietan Niners Chemnitz talde alemaniarraren aurka halako baikortasunez jokatu behar duen talde hau bat bera denik, baina hala da.

Azken aldian etxeko neurketetan erdietsitako emaitzek, bereziki Legia Varsoviaren aurka eta ACB Ligan azken bi asteburuetan Joventut eta Saski Baskoniaren aurka lorturiko garaipenek konfiantzaz bete dute Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldea. Ondorioz, Bundesligako bigarren sailkatuarekin lehiatzeko beldurrik ez dago, nahiz eta jakin asteazkenekoa joaneko dema baino ez dela, eta Chemnitzen bertan, apirilaren 3an erabakiko dela 80 minutu hauetan zeinek lortzen duen finalerako txartela. Bigarren finalerdian, berriz, Turkiako Bahçesehir eta Luis Scolak gidatzen duen Varese neurtuko dituzte indarrak.

«Buruak zeresan handia izango du kanporaketa honetan», azpimarratu du Jaume Ponsarnau entrenatzaileak Miribillako partidaren bezperan. «Korrika egitea asko atsegin du Chemnitzek eta konturatzerako, partziala sartu dizu. Nornahiri sar diezaioke gainera, baita Bundesligan ari diren Euroligako taldeei ere. Zure onetik ateratzea bilatzen duen taldea da, oso fisikoa, faltaren mugan defenditzea gustoko duena eta eraso estatikoan, berriz, baloia bikain daki mugitzen. Horren aurrean talde onek bakarrik lortzen dute buelta ematea. Bada, gure helburua horixe izan behar da: burua hotz mantentzea beti, bururik galdu gabe eta sendo jokatuz uneoro», gaineratu du Tarregako entrenatzaileak.

«80 minutu edo gehiago izango dituen kanporaketa da hau ere, baina berau azkenera arte nekez erabakiko bada ere, baloi jabetza bakoitza baliatzen jakin behar dugu. Esaterako, Legia Varsoviaren aurka ez genuen hori behar bezala ulertu eta orduan izan ziren kontuak!», azpimarratu du ere Ponsarnauk, finalerdia Bilbao Arenan ezingo dela erabaki jakitun.

«Zein alderekin nahiko genukeen joatea Alemaniara? Zaila da esatea. Alegia, hamar puntuz irabazten baduzu, penatan zaude hamabigatik ezin izan delako irabazi; aldiz, hamargatik galduz gero, penatan zaude zortzikoa izan zitekeelako azken aldea. Kontua ez da hainbeste aurreneko partidako aldea, gure lana behar bezala burutzea baino», azaldu du, bestalde, Tryggvi Hlinason Bilbao Basketeko pibot islandiarrak.

Chemnitzek ez dauka Hlinasonen antzeko 2,16 metroko erraldoirik, eta kanpotik jaurtitzea edo kanpotik barrura abiadura erabilita erasotzea du gustoko Rodrigo Pastore argentinarrak zuzentzen duen taldeak. «Baliteke halako mugikortasuna duten jokalarien aurrean sufritu behar izatea, baina beraiei ere kostako zaie gure tamainaren aurrean. Esaterako, defentsa ona egiten badugu, posizio zailetatik jaurti beharko dute saskira, edo agian ni neu aurrean naukatela. Sufritzeko gertu nago, 80 minutuko kanporaketa bat aurrean duzula dakizunean sufritzea tokatuko den tarteak izango direla onartu hartu egin behar baita», adierazi du Hlinasonek.

Erritmoa eta ilusioa

Esan bezala, Alemaniako taldeak korrika egiteko tartea aurkitzen duenean orduan gozatzen du. «Baloi asko osten dituzte dituzte, eskuak bikain erabiltzen dituztelako defensa lanean. Kontua da baloi bat lapurtzen badizute, ezin duzula ametitu segidan bi baloi galtzerik. Burua galtzen baduzu, orduan datoz arazoak, partziala berehala gainera datorkizulako», azaldu du, berriz, Ponsarnauk.

Baina entrenatzaile katalanak garbi laga du «erritmoa kontrolatzea» ez dela «geldo jokatzea». Bere iritziz, «burua argi eta sendo izan behar dugu ezarri nahi dugun erritmoa ezarriko badugu. Partida erotzerik ez zaigu komeni, bistan da, baina jokoa nahita geldotzen badugu, gure buruaren kalterako ari gara, gure zenbait jokalarik erritmo bizian aurkitzen dutelako beren jokoaren funtsa».

Erritmo bizi horretan ongi moldatzen den jokalarietako bat Kristian Kullamae da. Saski Baskoniaren aurkako euskal derbian garaipenaren hirukoa sartzeaz gain, eskolta estoniarrak antolatzaile lanetan ere oso behar txukuna osatu zuen. «Kristianek saskibaloia buruan darama eta oso ordenatua da bere jokatzeko eran, baina taldekideak bere jokora ohitzea falta zitzaion», lausengatu du estoniarra Jaume Ponsarnauk.

Melwin Pantzar da, bestetik, korrika egitea gehien maite duen Bilbao Basketeko beste jokalarietako bat. Antolatzaile suediarrak ezin izan zuen euskal derbian parte hartu hezurreko edema bat zela-eta. «Sendagiria behintzat izango du, baina agian entrenamendu faltak eragingo dio», azaldu du Pantzarri buruz Tarregako teknikariak.

Horrez gain, ilusioa ere faktore bat izan liteke kanporaketa honi begira. Bilbo ez da hiri handia, baina Chemnitz, bere 250.000 biztanleekin, hiri txikia da, Dresden edo Leipzig bezalako hiri handiago eta ezagunagoak 100 kilometro baino gutxiagora dituela –edo Praga hiriburu txekiarra, bizpahiru ordura errepidez–. Bilbon Europako lehiaketa bat irabazteko egiazko ilusioa baldin badago, nola ez du ba Saxoniako hiri horrek antzeko ilusiorik izango?

«Ilusioa erregai aparta da. Nik neuk kalean bizi dut, jendea nola hurbiltzain zaidan animoak ematera, ondo ari garela eta gauza politak egin ditzakegula esanez. Horrek nolabaiteko erantzukizuna ere badakar, ordea, gauzak ondo egin beharraren erantzukizuna. Beraz, jakina ilusioa faktore bat dela, baina beti ere gauzak ahalik eta ondoen egitekotan», azpimarratu du Ponsarnauk amaitzeko.