Apirilaren 21eko ziklo aldaketarako gazte bultzada behar dela esan du Otxandianok
Lezoko Gazte Topagunean egindako solasaldian apirilaren 21eko hauteskundeekin irekiko den ziklo politikoan gazteak protagonistak izan behar direla nabarmendu EH Bilduko hautagai Pello Otxandianok.
Pello Otxandiano EH Bilduko Lakuako Gobernuko lehendakarigaiak solasaldia egin du, gaur eguerdian, Lezoko Gazte Topagunean. Solasaldi horretan parte hartu dute berarekin batera Eraitz Saez de Egilaz Gasteizko Parlamenturako hauteskundeetarako Gipuzkoako hautagaiak, Edurne Benito del Villa Bizkaiko hautagaiak eta Izar Hernando EH Bilduko gazte idazkariak eta Donostiako zinegotziak. Apirilaren 21aren ondoren azkartuko den ziklo politikoaren aldaketan gazteak protagonista izan behar direla esan du Otxandianok, solasaldia abiatu aurretik hedabideen aurrean egindako adierazpenetan.
«Gaur Lezon gaude, Gazte Topagunean. Aukera izan dugu gazteekin elkarrizketa bat izateko eta gazteen egoeraz eta Euskal Herriaren egoeraz gazteekin mintzatzeko. Azken egunetan ikusi dugu Euskal Herrian badela herri gogo bat; Korrikan ikusi dugu, euskal selekzioaren partidan ikusi dugu, gaur Gazte Topagunean ikusten ari gara eta bihar ziurrenik Aberri Egunean ere ikusiko dugu», esan du Otxandianok.
«Ziur gaude apirilaren 21ean inflexio puntu bat gertatuko dela. Ziklo politiko berri batean gaude. Apirilaren 21ean ziklo politikoaren aldaketa bizkortu egingo da, eta horretarako ezinbestekoa da gazteen bultzada. Gazteekin batera egon behar da bidea. EH Bildu ez dator gazteak ordezkatzera. EH Bildu dator bidea gazteekin batera egitera. Gazteei ezin zaie eskatu konfiantza. Gazteei eman behar zaie hitza eta erabakia. Hartu behar diren erabaki nagusien subjektu protagonistak izan behar dira. Beraz, gu gatoz gazteei proposatzera bidea elkarrekin egitea», gaineratu du.
«Horregatik da, hain zuzen, EH Bildu etorkizuneko indarra. Gauzak egiteko beste modu bat daukagulako eta bidea gazteekin batera egin nahi dugulako, gazteen eskutik egin nahi dugulako. Ezinbestekoa da gazteei bizi eta lan baldintza duinak bermatzea. Horrek zerikusi zuzena du etxebizitzarekin eta lan merkatuan aurkitzen dituzten lan baldintzekin. Baina horretaz aparte, gazteak egin behar dira etorkizunaren protagonista eta jabe. EH Bildu horretarako tresna izan behar da. Apirilaren 21aren ondoren gazteen protagonismoa erabakigarria izango da ziklo politiko berri honetan», nabarmendu du.