Ezker independentistaren uholdea badatorrela nabarmendu du EH Bilduk Iruñeko Aberri Egunean
Golem zinemetatik abiatu den manifestazio batek ireki du EH Bilduk Aberri Eguna dela prestatu dituen ekitaldiak. Hauteskundeen atarian, «ziklo politiko berri bat» martxan jarriko duen «ezker independentistaren uholdea» badatorrela nabarmendu koalizio subiranistak euripean egin duen mobilizazioan.
Pertsona aske eta berdinez osaturiko Euskal Errepublika aldarrikatu du gaur EH Bilduk Iruñeko kaleetan Aberri Eguna dela eta. Igande honetako lehen ekitaldi nagusian, koalizio subiranistak «Euskal Herri luze eta zabalean ziklo politiko berri bat abian dela» eta «ezker independentistaren uholdea» badatorrela nabarmendu du «hiri buruzagian» eta euripean egin duen manifestazio jendentsuan.
Eguerdiko 12.00etan abiatu da mobilizazioa Golem zinemetatik, txistu eta oihu aldarrikatzaileekin. Euritakoen artean, manifestazioaren buruan, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, EAEko lehendakarigaia Pello Otxandiano, Gipuzkoako Batzar Nagusietan koalizioko bozeramaile Maddalen Iriarte eta Iruñeko alkate Joseba Asiron zeuden, besteak beste.
EH Bilduko agintariekin batera, ERC eta BNG alderdietako ordezkariak ere izan dira mobilizazioan. Izan ere, hiru talde hauek, Balearretako Ara Mes-ekin batera, Orain Errepublikak koalizioa osatu berri dute Europako hauteskundeetara begira.
Manifestazioa Baiona etorbidean zehar egin dute, independentzia oihuen artean. Ibilbidearen alboetan hainbat lagun zeuden, eta txaloka hartu zituzten manifestariak Antoniutti parkeraino, ikurriña, Nafarroako eta Palestinako banderekin. Bertan, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hitza hartu duen agertokia jarri dute.
“Independentzia” oihuak Antoniuttira iritsi baino lehen. pic.twitter.com/eq4eJzuRDt
— Ibai Azparren (@ibaiazparren) March 31, 2024
Ziklo politiko berria abian da
Otegik gogorarazi du Aberri Eguna iraganeko zerbait dela batzuentzat, beste batzuentzat, aldiz, inkongruentzia historiko batetik abiatzen dela, edo ohitura bat dela, besterik gabe. «Baina Aberri Eguna egiten dugu herri mobilizaio baten ahotsak esaten duelako ukazio erradikal, demokratiko eta herritar bat egitera gatozela Iruñera. Euskaldunak ez gara ez frantsesak ez espainolak, euskaldunak gara eta kitto. Ez diegu eskubiderik ematen estatu frantses eta espainolari gure gobernuetan eskua sartzeko», nabarmendu du.
Hala, azpimarratu du «euskal eskalan» konpontzen direla «gure langileen, emakumeen eta gazteen arazoak» eta «euskal herritarrak arro gaudela euskaldun, sozialista eta abertzale izateaz». Baita «antiarrazista» eta «antiinperialista» izateaz ere, eta, zentzu horretan, «besarkada solidarioa» bidali dio Palestinako herriari. «Euskal Herriak ezezko botoa eman zion NATOri. Gerra danborren garaian, armagabetzea, bakea eta subiranotasuna eskatzen ditugu herri guztientzat», adierazi du Otegik.
EAEko apirilaren 21eko hauteskundeen atarian eta EH Bilduren azken emaitzak ikusita, Euskal Herri luze eta zabalean «ziklo politiko berri bat» abian dela adierazi du Otegik, eta ezker independentistak urrats berriak emango dituela aurreratu du. «Espainiar estatuari dagokionez, aukera lehio bat ireki da eta herri honek bide hori aprobetxatu behar du bere burujabetzan urratsak emateko, bere kanpamentu nagusia gailurretik gertuago jartzeko».
Ildo horretan, «pazientzia estrategikoa» aldarrikatu du Otegik, baina koalizioak «etengabeko urratsak» ematen dituela nabarmendu du ere. «Gure proiektuak gobernu bokazioa du, baina baita estatu bokazioa ere. Gobernuetara iristen ari gara, eta badator uholdea, badator ezker independentista», gehitu du.
Horregatik, «urrun goazelako presaka ez goazela» sinetsita, ziur agertu da «ez dugula egun batetik bestera independentzia lortuko tarteko agertokirik ez badago». «Independentzia ez da iritsiko lehenago gobernuetara iristen ez bagara», adierazi du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
«Erakutsi behar dugu independentistok gai garela gure nazio zaharrarekiko harrotasunari eusteko, baina, era berean, erakutsi nahi dugu herri honek subiranotasun proiektu nazionala duela», esan du Otegik.
«Harro esan nahi dugu Euskal Herria eskubide sozialen defentsaren eta aberastasunaren banaketaren defentsaren abangoardia dela. Horregatik behar ditugu gobernu eta estatu egoki bat, guztiontzat hizkuntza, etxebizitza eta osasuna bermatzeko», esan du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.