Biharamunik gabeko ospakizunaz gozatu zuten Etxeberriak eta Zabaletak
Igandeko final ezin estuagoan tratu handia hartu arren, perretxikotan mendi buelta bat eman eta gero azaldu zen bosgarren txapela aurrekoak baino gehiago gozatu zuen etxarrendarra, hedabideekin Ultzaman adostutako hitzordura
Espero baino biharamun txikiagoarekin azaldu ziren Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta, aspaldiko Binakako finalik piloteatuenean irabazi ostean, prentsarekin adostutako hitzordura. Ordu eta erdiko partidan hartutako tratua handia izan bazen ere, eta txapela behar bezala Iruñeko sagardotegi batean ospatu bazuten ere, «fresko» eta aurpegia alderik alde gurutzatzen zien irribarre batekin azaldu ziren Aspeko bi pilotariak Ultzamako Bentara. Are gehiago, goizean perretxikoetara mendi buelta bat emanda agertu zen atzoko prentsako titular gehienak eraman zituen Etxarrengo atzelaria.
Ordu eta erdi, 800 pilotakada eta emozio handiko partida bat gainditu behar izan zuten urteko lehen txapela handia eskuratzeko, baina, Zabaletak azaldu zuenez, «azkenaldian gertatzen zait fisikoki bigarren egunean nabaritu izan dudala gehiago, halako paliza bat hartzen dudanean».
Kantxan bertan, Peio Etxeberriak ez omen zuen izan horrenbeste pilotakadako partida bat jokatu izanaren susmorik, baina partida osteko prentsaurrekoa zutik eman behar izan zuen, bikiak igoko zitzaizkion beldurrez. «Batez era tentsioko partidetan gertatzen zait. Zuntz haustura bat izan nuen, eta ordutik gertatzen zait; tentsio handiko partidak ez badira, ez dut nabaritzen», azaldu zuen Zenotzekoak, eguneroko ohiturari jarraituz, amaren etxean bazkaldu eta gero.
Eguna bereziki polita izan zen ultzamarrarentzat, igandekoa bere ibilbideko lehen txapela baitzuen, une profesional eta pertsonal oso on batean heldu den garaipena. «Oso polita da. Azkenean denok lan asko egiten dugu, pilotari denek asko entrenatzen dugu eta, horrelako zerbait heltzean, sari bat bezalakoa da. Final bat jokatua nuen, baina ez nuen txapelik eta poz ikaragarria da», azaldu zuen.
«Une oso gozo batean nago, nik esango nuke udatik datorrena. Ez nintzen feria edo torneotan sartu, baina oso ondo sentitzen nintzen. Orain arte ez nuen erregulartasuna lortzen ari naizela esango nuke. Lehen, partida on baten ondotik ziurgabetasunez aritzen nintzen, baina azken udatik aurrera asko gozatzen ari naiz».
Jose Javier Zabaleta ohituagoa dago halako garaipenetara, aurtengoa ez du-eta alferrik lortutako bosgarren Binakakoa, baina aurtengoa gehiago gozatu izanaren ustea du, behin igandeko azken aldeko estutasunak gaindituta. «21-14koan sinatuko nukeen orduan bertan amaitzea. Baina egin genuen bezala irabazita, ez zizun aho gustu hobea utzi?», galdetu zion bere bikotekideari. «Irabazitako besteak normalean alde handiagoarekin eskuratu nituen, eta momentuan azken hau askoz gehiago gozatu nuen».
Besorik uzkurtu gabe
21-14 aurreratu eta txapela eskuetan izan eta gero, Altuna-Martija asko gerturatu zitzaizkien markagailuan, eta tarte horretan Zenotzekoa jokoan sartzeko beldurra sartu izan balitzaio bezala ikusi genuen. Halakorik gertatu izana ukatu zuen ultzamarrak atzo, eta aurretik hitz egindako planari jarraitu besterik ez omen zuen egin. «Ez dut uste ez nintzenik sartu ausartu ez nintzelako, ez zitzaidan burutik pasatu ere. Hitz eginda genuen bitik eta hirutik jota Josek min handia egin zezakeela, eta hala egin zuen», azaldu zuen. «Txapelketa hasieran jende askok esan zidan Joserekin moldatzea kostatuko zitzaidala, nire jokoa asko sartzekoa delako. Baina nik ez diot sartzeari utzi. Nik uste dut berak ulertarazi didala pilota onak utzi egin behar zaizkiola eta horretan saiatu naiz. Elkar ulertu dugu eta horregatik heldu gara heldu garen lekura», gaineratu zuen.
Hiru hilabetez abentura eder bat konpartitu ondoren, Etxeberria eta Zabaletaren bideak banandu egingo dira, ultzamarrak Buruz Burukoan parte hartuko duelako, ez ordea etxarrendarrak. Momentuz aurrelariak ez du entrenamendu bakarra ere egiterik izan, baina txapelak emandako indarrarekin Zumaian lehen kanporaketa gainditzen saiatuko da ilusio guztiarekin.