«Hainbeste urteren ostean egin beharrekoa egin dut; gustura utzi nahi dut»
Sasoia amaitzean erretiroa hartuko du Irene Caminosek. «Aurten gozatu nahi dut». Tolosako trial eskolarekin jarraituko du, «kirola pixkanaka gehiago hazten joateko». Triala utzi, eta jarri du beste proiektu bat martxan: Dakar rallyan parte hartzea nesken tripulazio batekin.
This browser does not support the audio element.
Inauteriak pasatu berri etorri da Irene Caminos (Tolosa, 1998) NAIZ Irratira, barre artean ajea ondo doala dio, eta «aste luzea bezain polita» igarota, buru-belarri jarri da aurtengo denboraldiari begira. Azkena egingo du tolosarrak: «Orain da momentua ondo eta gustura amaitzeko». Bere ibilbidean hiru domina kolkoratu ditu: 2016an zilarrezkoa taldeka, 2017an brontzea banaka, eta 2018an urrezkoa taldeka.
Iazko Glasgowko Munduko Txapelketak aho zapore gazia utzi zion, eta bere buruari hauxe galdetu zion: «Hainbeste urte eta gero Munduko Txapelketetan lehiatzen, nola gertatu zaizu hori?». Alor psikologikoak ere eragina du trialean. Emaitzaz harago, –ez du penarik banaka ortzadar maillota jantzi ez izanaz–, Caminosek uste du «egin beharrekoak egin dituela trialean», eta aurten «gozatzea» du xede nagusi.
Eta zer egingo du triala amaitu ostean? Tolosarra ez da geldirik egotekoa, eta baditu zenbait helburu jomugan: Vuelta Eivissa mendiko bizikletako lasterketa egingo du, eta luzera begira, dakar rallyan parte hartu nahi du.
Instagramera igo zenuen joan den urtarrilean erretiroa hartuko zenuela. Hori entzunda, galdera hau etorri zitzaidan boteprontoan. Triala utziko duzu guztiz ala mundu mailan lehiatzeari bakarrik?
Lehiatzeari utziko diot, bai Espainia mailan, bai nazioartean. Hori bai, nire trialeko eskolarekin jarraituko dut.
Ver esta publicación en Instagram
Erabakia ez duzu bat-batean hartu, aurretik ere buruan zenuen, ezta?
Bai, ez da erabaki erraza izan: hamahiru urte daramatzat trialean lehiatzen. Etapa bat da, noizbait bukatu behar zuena, eta pentsatzen dut orain dela momentua. Aurtengo denboraldia egingo dut, eta kito.
Zergatik hartu duzu orain erabakia? Nekatuta zaude edo beste gauza batzuk dituzu buruan?
Hamahiru urte daramatzat trialean, ez da erabaki erraza izan. Orain dela pare bat urte hasi nintzen pentsatzen uzteko momentua iristen zihoala, eta orain da momentua, ondo eta gustura utzi nahi dudalako; ez erabat erreta nagoela.
Aurtengo denboraldiaz hitz egin aurretik, iazkoaren errepaso txiki bat egingo dugu. Zer sentipenekin amaitu zenuen denboraldia?
Europako Txapelketarekin gustura amaitu nuen, gutxigatik finaletik kanpo geratu nintzen arren. Munduko Txapelketa, ordea, ez nuen oso gustura amaitu. Iaz Abu Dhabin bosgarren postua lortu nuen, eta hori bai izan zela arantza bat kentzeko txapelketa bat. Egia esan oso-oso pozik bueltatu nintzen etxera, aurreko urteko Munduko Txapelketak ezin izan baitnuen lehiatu. Iaz joan nintzen pentsatzen berriz berdina edo antzekoa egin nahi nuela, baina gauzak ez ziren atera nahi nuen modura. Hala ere, gero Europako Txapelketan arantza kentzea lortu nuen, eta aurten beste Munduko Txapelketa baten bila joango gara.
Aipatu duzu orain dela hiru eta lau urteko Munduko Txapelketetan ez zenuela lehiatu. Covidagatik izan zen, ezta?
2019koa izan zen Txinan egin genuen azken Munduko Txapelketa, hurrengo urtean ez ginen lehiatu pandemiaren urtea izan zelako, eta 2021ean Munduko Txapelketa jarri zuten berriro ere Txinan, eta bi egun lehenago Covidean positibo eman nuen, eta ezin izan nuen joan. Horregatik zen hain garrantzitsua 2022ko Abu Dhabiko Munduko Txapelketa: bi urte egon nintzen lehiatu gabe eta gogotsu nengoen. Gehien bat nire buruarengatik zen; hainbeste urte entrenatzen, Trialean Munduko Txapelketa da zitarik garrantzitsuena... berriz nahi nuen sentsazio on hori eduki.
«Iazko Munduko Txapelketara joan nintzen pentsatzen berriz bosgarren edo hortik gertu egin nahi nuela, baina gauzak ez ziren atera nahi nuen modura»
Iazko Glasgowko Munduko Txapelketan gauzak ez zitzaizkizula ondo atera esan duzu. Zer gertatu zen?
Gaizki hasi nuen txapelketa, jada finalaurrekoetan bigarren zonan pare bat akats egin nituen, eta buklean sartu nintzen, ezetz ezetz, gero pare bat kontu fisikoki izan nituen... Baina uste dut eraginik handiena hor izan nuela; bukleari ezin izan nion buelta eman.
Psikologiak ere eragiten du.
Bai, hori da. Orain pentsatzen dut hotzean, eta esaten dut: «Hainbeste urte eta gero Munduko Txapelketetan lehiatzen nola gertatu zaizu hori, ezta?». Baina egia esan momentuan Munduko Txapelketa bat da, dena egun batean jokatzen duzu, presioa handia da, eta gauzak ez direnean ateratzen ez dira ateratzen.
Azken bizpahiru urteetan bereziki alor fisikoari garrantzia eman diozu. Zuheganen entrenatzen duzu, ezta?
Bai, ni lehen entrenatzaile batekin nengoen, Espainiako selekzioko fisioa zen, berak bidaltzen zizkidan entrenamenduak online, eta nire kabuz entrenatzen nuen. Orain dela hiru urte Ainara Manterolarekin hitz egin nuen, eta Zuhaganen ari naiz entrenatzen, Orion. Orain bizikleta gainean igartzen dut indar handiagoa dudala, eta hori asko nabaritzen da lehiatzerakoan.
Nola ikusten dituzu gainerako aurkariak? Gertu ala urruti?
Momentu honetan urruti. Uste dut oraingo hiru onenak besteengatik koska bat gorago daudela. Beraien maila dezente altuagoa da; beti hor egon behar duzu, beraiek akats bat egiten badute, ondo egin behar duzu zuk aukeraren bat izateko; baina bai, esango nuke pauso bat aurrera daudela.
Nongoak dira onenak? Herrialderen bat nabarmentzen al da trialean?
Momentu honetan esango nuke Espainiako Estatuak duela maila altuena, bai gizonezkoetan, munduko txapelduna Toledokoa baita, bai emakumezkoetan, Madrilgo neska bat izan baitzen iazko munduko txapelduna, eta Katalunian ere oso indartsu dabiltza. Bestela, esango nuke frantziarrak eta alemaniarrak ere indartsuak direla.
Aurtengo denboraldiari begira. Pentsatzen dut asmo nagusia sentsazio onekin amaitzea izango dela, ezta? Edo baduzu bestelako helbururik?
Aurtengo helburua da gustura bukatzea. Hainbeste urteren ondoren, uste dut egin beharrekoa egin dudala, lortu dut nahi nuena, eta triala gustura utzi nahi dut, ez pena horrekin edo gaizki. Disfrutatu nahi dut, urte guztia dut, eta helburu garrantzitsuena hori izango da, gozatzea.
2017an Txinan eskuratu zenuen orain arteko emaitzarik onena; Munduko Txapelketan brontzea kolkoratu zenuen banaka. Arantzarik al duzu ortzadar elastikoa jantzi ez izanaz?
Beti esan dut nire helbururik handiena ortzadar maillota ekartzea zela, baina egia esan ez naiz pena horrekin geratzen. 2017an brontzezko domina lortu nuen, eta 2018an taldeka Munduko Txapeldunak izatea lortu genuen. Orduan, bide batez, ortzadarraren kamiseta hori etxean dut.
Asko bidaiatu duzu trialarekin nazioartean. Zein herrialde gustatu zaizu gehien?
Egia esan denak pare bat aldiz bisitatu ditut jada, beti Munduko Kopak eta toki berdinetan izaten baitira edo oso gertu. Asko gustatzen zait bidaiatzea, sekulako zortea izan dut: Txinatik Abu Dhabira joan naiz, eta oso pozik nago. Denak oso-oso desberdinak dira; adibidez, Txinak Abu Dhabirekin ez du zerikusirik, oso desberdinak dira, baina bakoitzak bere xarma du.
Triala alde batera utzita, ez zara geldirik egotekoa. Menorcako Epic Cami de Cavalls lasterketa korritu zenuen joan den udan, mendiko bizikletan. Nolakoa izan da esperientzia?
Hara iritsi nintzen arte, ez nekien non sartu nintzen [barrez]. Aurreko urteko Munduko Txapelketan Espainiako selekzioko teknikari batekin hitz egin nuen. Berak mendiko bizikletako talde bat du, eta nik esan nion: «Amparo [Chapa], egunen batean mendiko bizikletako lasterketaren bat egin nahi dut, bikoteka edo», eta esan zidan lasai egoteko zerbait prestatuko zidala. Iaz Menorcari buelta eman genion, hiru egun izan ziren, geratu gabe. Sekulako esperientzia izan da, oso gogorra, baina beste kirol edo beste txapelketa bat ezagutzeko aukera izan dut. Asko gustatu zait, eta orain Eivissara goaz Vuelta Eivissa egitera, sufritzera goaz, baina ez dakidanez geldirik egoten eta ezetz esaten plan bati, ba denarekin aurrera.
«Beti esan dut nire helbururik handiena ortzadar maillota ekartzea zela, baina egia esan ez naiz pena horrekin geratzen»
Bizikletaz gain, Rallyan ere aritu zinen, Dakarra egin zenuen 2021ean.
Nire aitak Afrikako azken hiru Dakarrak egin zituen, eta etxean beti bizitu dut mundu hori. Oso txikia nintzenean berak korritu egiten zuen, eta ni kotxeetan eta kamioietan sartu izan naiz. Beti esan izan diot: «aita egunen batean Dakar bat egin behar dugu». Suhiltzaile izateko oposizioak prestatzen ari naiz, eta kamioia gidatzeko baimena atera orduko esan nion aitari, ez dagoela aitzakiarik, egin behar dugula. Ingurukoak berotu nituen, eta hortxe gabiltza proiektu horrekin. Iaz alde batera utzi genuen Munduko Kopa eta hainbat proba egun berean zirelako, eta ezin izan nuen ezer egin. Aurtengo helburua bada proiektua berriz martxan jartzea, eta azkeneko xedea Dakarra nesken tripulazio batekin egitea. Horretarako lan asko egin behar da, beraz, datorrenerako prest nago.
2021ean parte hartu zenuenean, gidariaren ondoan joan zinen, ezta?
Nik egin nuen Espainiako Txapelketako froga bat, bai, kopilotu gisara. Hortik urte batera egin genuen proba bera, baina ni pilotu bezala. Biak probatu ditut, eta noski, nola ez, pilotu aritzea gehiago gustatzen zait.
Esan duzu nesken eskifaia eratu nahi duzula. Zenbat pertsona behar dira, eta noizko egitea aurreikusten duzu?
Epe luzera begirako proiektua da, ez da proiektu erraza. Kamioiean hiru pertsona goaz: pilotu, kopilotu eta mekanikoak. Eta gero atzetik jende asko behar duzu laguntza ematen dizuna, eta zurekin doan jende dezente. Baina hori joango gara ikusten pixkanaka.
Eta engainatu duzu emakumeren bat?
Hitz egiten hasi gara.
Ezin da askorik esan, ezta?
Hortxe uzten dizut [barrez].
«Aurtengo helburua bada proiektua berriz martxan jartzea, eta azkeneko xedea Dakarra nesken tripulazio batekin egitea»
Etorkizunari begira, trialari lotuta jarraituko duzu; ez lehiatzen, baina bai eskolan, ezta?
Bai, Tolosako trial eskola dut. Lehiatzeari utziko diot, baina umeekin jarraituko dut. Txapelketak egiten segitu nahi dut Tolosan.
Euskal Herrian Ion Areitiorekin eta zu zarete bidea ireki duzuenak.
Bai, ni hasi nintzenean neskarik ez zegoen, ni neska bakarra izan naiz orain dela gutxi arte. Orain pixkana umeak hasi dira, eta egia esan hasieratik Ion izan dut ondoan, lehen urteetatik harekin hasi nintzen bidaiatzen, eta egia esan beti esan dut Ion niretzat nire anaia izango balitz bezala dela.
Trialean orain neska gehiago daude? Zure eskolan, adibidez, zenbat dituzu?
Orain hiru neska ditut 45 umeetatik. Baina orain dela pare bat urtera arte denak mutilak ziren. Gero, Euskal Herria mailan uste dut hor pare bat urte egon direla gutxiago ginela; ni orain dela 13 urte hasi nintzenean jende gehiago zegoen, ume asko zeuden, baina hori azkenean, dena bezala gora eta behera doa, eta azken urteetan esango nuke pixkanaka gora doala berriz. Pandemiatik ere ez dira txapelketa asko egin, hor eten bat egon zen, eta orain pixkanaka ari gara froga gehiago bilatzen. Guk Gipuzkoako Txapelketa Tolosan egingo dugu aurten, eta espero dut pixkanaka kirola gehiago haztea.
Zuk ere ikusgarritasuna eman diozu kirolari, bai hasieratik neskentzat erreferente bat izan zarelako, baita trialeko eskolari jarraipena emango diozulako ere.
Bai, ni ez naiz ikusten erreferente moduan, askotan esan didaten arren. Hala ere, uste dut pixka bat lagundu diodala kirolari, eta laguntzeko asmoarekin jarraitzen dut. Zenbat eta jende gehiago hobe, kirolari ahazten lagundu badezaket, hortxe egongo naiz, baina pixkanaka oango gara handiagoa egiten.