INFO

Piaspe zentral eolikoaren aurkako 2.000 alegazio aurkeztu dituzte Azpeitian

Sañu Bizirik plataformak Piaspe zentral eolikoaren aurkako 2.000 alegazio aurkeztu ditu Azpeitiko udaletxean.

Sañu Bizirik plataformak alegazioak aurkeztu ditu Azpeitiko udaletxean. (SAÑU BIZIRIK)

Zestoa, Errezil eta Azpeitiko lurretan Statkraft enpresak eraiki nahi duen Piaspeko parke eolikoaren aurkako alegazioak aurkeztu ditu ostegun honetan Sañu Bizirik plataformak Azpeitiko udaletxean. Agerraldi batean azaldu dutenez, 2.000 inguru dira bildu eta entregatu dituzten sinadurak.

Plataformaren arabera, alegazio horietaz gain «beste hainbat elkarte eta eragile» ere alegazio teknikoak prestatu eta sartzen ari dira egunotan; horien artean daude Antxieta Arkeologia elkartea, mendi taldeak, naturzaleen elkarteak edota Txillarramendi auzo elkartea.

Sañu Bizirik-en iritziz, horrek guztiak Piaspe zentral eolikoaren proiektuarekiko «herrian dagoen aurkakotasun mailaren adierazle» dira. Horregatik, uste du «Statkraft enpresak 2022ko Soreasuko aurkezpenean adierazi zuen bezala, herritarrek erakutsitako ezezkoarekin nahikoa» izan beharko lukeela proiektua bertan behera gelditzeko.

«Ikusteko dago enpresa norvegiarrak bere hitza beteko ote duen edo, orain arte bezala, proiektuarekin kosta ala kosta aurrera jarraitzeko pausoak ematen jarraituko ote duen», adierazi dute plataformako kideek.

Plataformak dei egin die herritarrei datozen egun eta asteetan antolatu dituzten ekimen eta jardueretan parte har dezaten, hala nola ‘Hamaika’ erakusketaren irekiera apirilaren 6an San Agustinen; apirilaren 13ko hitzaldi, tailerrak eta manifestazioa, eta apirilaren 28an ospatuko den Sañu Eguna.