INFO

Bilboko kolore berezia ez da Sevillakoa, baina ia-ia

Sevillako giroa izugarria bada ere, Bilbokoa ere ez da motz geratu. Zaila izan da Athleticen kamiseta ez zeraman norbait topatzea Alde Zaharrean, Pozas kalean edo San Mameseko sarreretan. Eguraldiak ere lagundu du Sevillan egon garela pentsatzen.

Zaila izan da gaur Bilbon “Wally” topatzera jolastea. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Inork ez luke esango gaurko finala Bilbotik 700 kilometrora jokatuko dela. Bizkaiko hiriburua goiz-goizetik altxatu da zuri-gorriz jantzita. Ez litzateke gehiegikeria izango Alde Zaharrean hamar pertsonatik zortzik Athleticen kamiseta zeramatela esatea, ‘Non dago Wally?’ liburuari buelta emango bagenio bezala eta helburua athleticzale ez zena topatzea balitz bezala. Beste bietatik, batak aprobetxatzen zuen kaleko saltzaileei bufanda edo kamiseta bat erosteko, aurreko ostegunean Kale Nagusian saltzaile ibiltari talde batek pairatutako jazarpen polizialaren ostean; bestea, lekuz kanpo zegoen turista zen.

Izan ere, bitxia izan da Donejakue katedralaren aurrean bizitako pasadizoa. Han, turista batek ingelesez galdetu dio bilbotar bati partida ote zegoen. Harrituta geratu da besteak baietz erantzun dionean, baina Sevillan, penintsulako beste muturrean.

Katedraletik Katedralera, San Mameseko sarrerak zalez beteta zeuden arratsaldeko lehen ordutik, nahiko deigarria kontuan hartzen badugu partida 22.00etan hastea aurreikusita dagoela. Zalantzarik gabe, eguraldi ederrak lagundu du jendeak egun osoa etxetik kanpo pasatzen. Bilbo ez da Sevilla izan, baina ia-ia. Arratsaldean, 30 gradu zeuden Bilboko erdigunean, eta eguzkipean inork ez zuen uste Sevillan lehoiek jarraian galdu ahal duten zazpigarren finala denik.

Iribar, Pitxitxi, Guerrero eta Williams anaiak

Poza Lizentziatuaren kaleak hitzordu handien itxura zeukan. Jendea ez ezik, txakurrek ere Athleticen kamiseta eta lepoko zapia zeramaten, jai giroari jaramon handirik egin gabe ere. Era guztietako kamisetak ikus zitezkeen: Castore, Umbro edo Kappa, Guerrerorenetatik Williams anaienetara.

Dozenaka zalek San Mameserako bidean dagoen Jose Angel Iribarren estatuan argazkiak ateratzen zituzten bitartean, zelaiaren kanpoaldeko pantailetan taldearen historiako hainbat atal gogorarazten ziren, hala nola Pitxitxiren heriotza 1929an. Sarreretan zeuden gazteei oso urrun geratzen zitzaizkien garai hartako garaipenak, baita azken Koparena ere. Dena den, gaur horrek ez dauka garrantzi handirik, berriro ere pantailetan esaten zenez, Athletic «unique in the world» baita.

Garagardo eta kalimotxo artean egun osoa igaro zutenetatik asko inoiz Athletic Kopa bat irabazten ikusi gabeak dira. 40 urte oso luzeak dira; hain zuzen, guraso eta seme-alaba askok elkarrekin ikusiko dute finala, Athleticek kopa altxatuko duela amesten. Gogoan, Barçaren aurka galdutako lau finalak eta, bereziki, azkena, Realaren kontra pandemiako edizioan. Horrek beste balio bat ematen dio partidari eta azaltzen du zergatik den hain garrantzitsua hainbeste bizkaitarrentzat. Sevilla ez izan arren, Bilbok kolore berezia dauka.