INFO

Egibar: «EH Bildu etxekalte da instituzioetan, kabira zikina botatzen duen txoria»

Azkoitian izan da EAJren larunbat goiz honetako hauteskundeetako ekitaldia. Zerrendarik gazteena EAJrena dela, eta abertzaletasunari eusten dion talde bakarra ere beraiek direla nabarmendu dute. Zorrotz eta luze mintzatu dira EH Bilduren inguruan.

Azkoitian egin da EAJren ekitaldia. (Gorka Rubio | FOKU)

Kainpainako hirugarren eguneko ekitaldia larunbat goiz honetan Azkoitian egin du EAJk, Bakartxo Tejeria, Joseba Egibar eta Imanol Pradalesek hartu dute bertan hitza. Apirilaren 21ean kontrajarriak diren bi ereduren artean hautatu beharko dutela euskal herritarrek nabarmedu du Pradalesek, «askatasunaren edo kontrolaren artean, asko dago jokoan», zehaztu du. Eta EH Bilduk boterea politika egiteko baino «herritarrak kontrolatzeko» nahi duela argitu.

Proposamen gutxi eta kritika asko izan dira larunbat goiz honetako EAJren ekitaldian. Egibar zorrotz mintzatu da EH Bilduren aurka: «EH Bildu etxekaltea da instituzioetan. Zer den hori? Txoriak kabia egiten duenean, sekula santan ez du zikina barrura botatzen, kabia egingo du txori txikiak bertan jaiotzeko, baina ez du behin ere barrura zikinik botatzen, botatzen duena etxekalte izatea da, eta hori da EH Bildu instituzioetan».

EAJren proiektua konpromiso etiko, politiko eta demokratikoa dela azaldu du Egibarrek, baina horretan sakondu baino koalizio soberanistari begira jarri da. «Bisioa, misioa eta anbizioa zutela esan zuten Aberri Egunean. 40 urteko atzerapenarekin dute bisioa, misioa EAJ erasotzea dute, eta anbizioa, agintera iristea, boterea lortu nahi dute gizartea kontrolatzeko». Eta nabarmendu du gipuzkoarrek ondo ezagutzen dutela EH Bilduren «gizartea kontrolatzeko helburua».

Inkesta guztiek EAJren eta EH Bilduren arteko lehia estua iragartzen dute, eta zeharka bada ere Egibarrek hori berretsi du: «Momentu honetan popatik dute haizea eta botoak lortuko dituzte, baina harroputzak bide motza du. Erabaki estrategikoetan ez dute asmatu, Euskadik aurrera egin du ezker abertzalea urteetan oztopo jartzen ibili arren, hori da herri honi guk eskaintzen dioguna, ibilbide bat».

Iraganeko ibilbidea da Gipuzkoako Buru Batzarreko presidentearen ustez soberanistek ezkutatu nahi dutena. «Guk memoria bat dugu, etorkizunari egia esanez benetakotasuna azpimarratu nahi dugu, beraiek amenisa dute: ez dakite zer egin zuten, non zeuden eta zertarako». Amnesiaren aurrean EAJ duen memoria dela sendabidea goraipatu du.

Abertzaletasunaren garrantzia

Proposamenen artean, EAJk abertzaletasuna defendatuko duela esan du Egibarrek, eta barre egin dio EH Bilduren abertzaletasunari: «Hasieran ezker abertzalea ziren, gero, ezker independentista, orain, ezker plurinazionala omen, harrapa zak! Hau esplikatu egin behar zaio abertzale bati, komunean duten hitz bakarra ezkerra da, eta hor egiten dugu guk talka».

Pradales lehendakariagaia ere bide beretik joan da bere hitzartzean, EH Bilduk gobernatzen dituen Gipuzkoako udalerrietako egoera izan du mintzagai, (51 udalerri dira EH Bilduk gobernatzen dituenak), «inprobisazioa, azken orduko neurriak eta eredu baten inposizioa». Horregatik, apirilaren 21ean ongizatean eta bizitza kalitatean aurrera egitea edota noraezean galtzea direla bi aukerak seinalatu du.

Bestalde, hauteskundeetara aurkeztu den zerrendarik gazteena EAJrena dela azaldu du Pradalesek, eta horrek «indar berria» ekarriko diola Legebiltzarrari ziurtatu du. Talde gaztea aurkeztu arren, ibilbide baten parte sentitzen direla eta batzuek behin sortu zuten bideari jarraituko diotela baieztatu du.

«Euskal nortasuna sendotu eta munduan zabaltzea» izan da Pradalesek Azkoitian hartutako konpromisoa: «Nortasun propioak bereizten gaitu Europan eta munduan, gure nortasuna zaindu, indartu eta transmitituko dugu». Horretarako, ekitaldira bertaratutako bakoitzak zalantzan dagoen pertsona bat «konbentzitzeko» deia egin du, «Euskadi hobe baten alde» bozka eskatuz.