INFO

Apirilaren 18ra arte luzatu dute hauteskundeetarako botoa emateko epea

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak hilaren 18ra arte luzatu du apirilaren 21eko hauteskundeetarako botoa emateko epea, aurreikusita zegoena baino egun bat gehiago. Online edo aurrez aurre egin daiteke eskaera.

Aurrez aurre egin nahi ez dutenez posta bidez eman dezakete botoa. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Euskal Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordeak apirilaren 18ra arte luzatu du posta bidezko botoa emateko epea, hasieran aurreikusitakoa baino egun bat gehiago.

Ohar batean azaldu duenez, Hauteskunde Batzordearen erabakiak Correosen eskaera bati erantzuten dio. Hala, Estatu osoko bulegoetan eman ahal izango da botoa, ohiko ordutegian.

Botoa modu horretan eman nahi duten herritarrek apirilaren 11ra arte eskatu ahal izango dute Hautesle Erroldan izena eman izanaren ziurtagiria, online edo aurrez aurre, Correoseko edozein bulegotan. Eskabidea egiterakoan, NAN, pasaportearen edo gidabaimenaren bidez egiaztatu beharko dute beren nortasuna.

Helbidea adierazi beharko da

Online nahiz aurrez aurreko eskabideetan adierazi beharko da zein helbidetan egongo den botoemailea Euskal Autonomia Erkidegoko Hautesle Erroldaren Bulegoko lurralde ordezkaritzek botoa emateko behar den dokumentazioa bidaltzen duten aldian, hau da, apirilaren 2tik aurrera egiten ari diren bidalketetan.

Eskabidea webgune bidez edo aurrez aurre aurkeztu ondoren, eta Hautesle Erroldaren Bulegoak onartzen badu, ezingo da hauteskunde mahaian bozkatu hauteskundeen egunean. Correos arduratuko da apirilaren 21ean boto guztiak dagozkien hautes-mahaietan egon daitezen.