INFO

Errugbi norgehiagoka handia hartuko du San Mamesek ekainean: Frantziar selezkzioa-World XV

Frantziako selekzioak eta bi hemisferioetako errugbilaririk hoberenak bilduko dituen World XV konbinatuak partida jokatuko dute ekainaren 22an Bilboko San Mames estadioan, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek astearte honetan jakinarazi dutenez.

Champions Cup-eko finalak San Mamesen, 2018an. (Monika del Valle | Foku)

2018an errugbiko Europako finalak izandako arrakasta berritu nahi dute orain San Mamesen. Hitzordu garrantzitsua iragarri dute ekainaren 22rako, lagun arteko izan arren goi mailako jokalari asko Euskal Herrira ekarriko dituena: Frantziar selekzioa eta World XV konbinatua, aurrez aurre.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi duenez, «kirol ekitaldi hau Bilbon egitea, guretzat, 2018ko Europako finala bertan egin genuenean bizi izandako grina berriz bizitzea da, Europako errugbiko garrantzitsuenetakoa baita, eta orduan irten baitzen lehen aldiz Sei Nazioen zirkuitutik. Gertakari historiko bat izan zen, eta erronka handi bat, San Mamesen txaloka jarri gintuena eta berriz gozatu ahal izango duguna 2026ko finaletarako prestatu bitartean».

«Mugarri eta gertakari berriak dira, eta horietan ere beste behin erakutsiko dugu gure profesionaltasun osoa, eta harro gaudela errugbiaren balio guztiekin, nobletasunarekin, grinarekin, konpromisoarekin, ahaleginarekin eta talde lanarekin bat datorren lurralde honetaz», esan du.

Bestalde, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak adierazi du 2026ko errugbi finalak lortu ondoren, eta 2018koen arrakasta ikusita, «gogo biziz» jaso dutela hurrengo finaletarako bideko partida bat «hemen egitea, gure lurraldean, punta-puntako kirol ekitaldia baita». «Kirol ekitaldi horiek Bilbao-Bizkaia leku onean uzten dute, berriz ere frogatu ahal izateko zer garen eta zer dugun partekatzeko», erantsi du.

Frantziako selekzioa hirugarrena da World Rugby erakundearen munduko sailkapenean eta bigarren izan da Sei Nazioen azken txapelketan. Top 14ko jokalari onenetako batzuk izango ditu, eta Bilbotik hego hemisferiora joango dira, handik bira egiteko.

World XV

Bestalde, Ian Foster da World XV munduko konbinatuko gidaria. Aurreko Munduko Txapelketara arte Zeelanda Berriko entrenatzailea iuzan da, eta bere laguntzailea Patrice Collazo frantsesa izango da, Montpellierreko entrenatzailea. «Ohore izugarria da World XV taldean entrenatzeko deitu izana. Zalantzarik gabe, bizitzan behin suertatzen den aukera horietako bat», nabarmendu du Fosterrek.

Bere hitzetan, «guztiz berezia da mundu osotik etorritako punta-puntako nazioarteko jokalariz osatutako talde bateko entrenatzaile izatea. Gainera, Frantziako selekzioaren kontra Bilbon, Euskadin, jokatzeak, errugbi oldarkorreko ikuskizun handi bat sortzera bultzatzen gaitu, entseguz betea, bertaratutako euskal zaleak, Frantziakoak eta Espainiakoak show bikain batekin dibertitu daitezen».

World XV konbinatuko jokalarien artean munduko onenetakoak izango dira, hala nola Mako eta Billy Vunipola anaia ingelesak, Maxime Machenaud eta Camille Lopez frantsesak, Semi Radradra fijiarra edota Tevita Tatafu japoniarra.

Partidarako sarrerak salgai daude dagoeneko, www.thematchrugby.com webgunean, 35 eurotik aurrera helduentzat eta 17,50 eurotik aurrera 14 urtetik beherakoentzat. Hamar pertsonatik gorako taldeek deskontuak izango dituzte.