INFO

Alokairu parke publikoa eta 1.400eko gutxieneko soldata, EH Bilduren proposamenak gazteentzat

EH Bilduko Eraitz Saez de Egilazek gazteen kezkak eta beharrak izan ditu hizpide ostegun goiz honetan Agurainen egindako kanpaina ekitaldian. Etxebizitzan eta enpleguan «politika publiko ausartak» hartuko dituztela esan dute.

EH Bilduk gazteentzako proposamenak aurkeztu ditu Agurainen. (Raul Bogajo | FOKU)

Gazteen kezka eta problematikei erreparatu die EH Bilduk Agurainen egindako agerraldian, Eraitz Saez de Egilaz Gipuzkoako hautagai eta Raul Lopez de Uralde Aguraingo alkatea izan dira bertan. Urteetako «politika okerren ondorioz» gazteria pairatzen ari den egoera irauli ahal izateko «politika publiko ausartak» egin behar direla adierazi du. Eta horretarako ematzipazioaren eta enpleguaren inguruan EH Bilduk proposatzen dituen neurriak jakinarazi ditu.

Azken hamarkadatan gazteen arazoak «areagotzen eta azkartzen» ari direla esan du Saez de Egilazek, eta adibidetzat jarri ditu etxebizitza duina eskuratzeko arazoak edota enplegu duin eta egonkorrak lortzeko «ezintasun sistemikoak». Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteak bataz beste 29,7 urterekin emantzipatzen direla gogorarazi du, «Europako beste edozein gazte baino lau urte beranduago».

Etxebizitza «negozio iturri» bilakatu izana salatu du: «Honen aurrean ez dira erabaki ausartu hartu. Adibide nagusia alokairuko etxebizitzen prezioen gorakada da, eta gainera, gazteen bataz besteko soldata 2011tik 2021erako tartean 150 eurotan murriztu da».

Zehaztu du emantzipazioa ez dela soilik gurasoen etxetik alde egitea, «emantzipazioak independentzia ekonomiko eta soziala eskuratzea suposatzen du», argitu du Saez de Egilazek.

Etxebizitza parke publikoa

EH Bilduk etxebizitzaren zein enpleguaren arloetan eragingo duela baieztatu du: «Etxebizitzari dagokionez, alokairu pribatuei muga jarriko diegu. Horretarako dauzkagun tresna guztiak baliatuz eta tresna politiko gehiago lortuz, eta alokairu parke publikoa nabarmen hazteko neurriak hartuko ditugu, alokairu parke publiko handia izatea ezinbestekoa baita etxebizitza eskubidea bermatzeko; bestetik, enpleguaren arloan kalitatezko enpleguaren aldeko apustu irmoa egiten dugu, gutxieneko soldata 1.400 eurora igotzeko».

Agurainen izan da ostegun goiz honetako agerraldia, eta gazteen emantzipazioarekin alternatibak martxan jartzea badagoela baieztatu du Lopez de Uralde bertako alkateak, Bustamante jauregian martxan dauden alokairu sozialeko 11 etxebizitzak aipatuz: «Etxebizitza hauek 30-35 urte arteko gazteentzat izango dira, eta pertsona bakoitza, gehienez, 5 urtez bizi ahal izango da bertan. Proiektu honen helburu nagusiak bi dira: batetik, baliabide ekonomiko eskasak dituzten herriko gazteei emantzipatzeko aukera ematea; bestetik, Alde Zaharra suspertzea»