INFO

Ohi baino bi gune gehiago eta agertoki berri bat izango ditu aurtengo Herri Urratsek

Hilabete baino ez da falta aurtengo Herri Urratserako eta hainbat xehetasunen berri eman dute antolatzaileek. Berrikuntzak dakartza 41. edizioak, bi gune gehiago eta eszenatoki berri batekin. Euskararen aurkako oldarraldiari aurre egiteko euskal jendarte osoari egin diote bertaratzeko deia.

Herri Urratsen artxiboko irudia. (Patxi BELZAIZ)

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jairako hilabete bakarrik falta dela, antolatzaileek Herri Urratsen nondik norakoen berri eman dute. Hainbat berrikuntza dakartza, ohikoa baino bi gune izango baititu, baita eszenatoki berri bat ere. Koldo Rodriguez Herri Urratsen koordinatzailea eta Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria Beskoitzeko Ikastolan bildu dira, 41. edizioaren egitaraua jakitera emateko.

«Dei egin nahi diogu euskal jendarte osoari maiatzaren 12a gorriz markatzeko eta indar bat egiteko Senperera hurbiltzeko», galdegin dute antolatzaileek. Izan ere, euskararen aurkako oldarraldiari erantzuteko beharra dagoela uste dute eta hilabete barru horretarako parada paregabea izango delakoan daude: «Munduaren aurrean euskaraz bizi nahi duen herri bat dagoela irudikatzeko eguna izan nahi du aurten Herri Urrats egunak».

Jaiak duen garrantzia gogora ekartze aldera, oroitarazi dute Herri Urratsen ateratako etekinei esker ireki ahal izan dituela Seaskak 33 ikastola, 5 kolegio bat eta lizeo bat. Aurtengo irabaziak Beskoitzen ikastola berri bat eraikitzeko erabiliko dituztela azaldu dute.

Egitarau oparoa antoaltu dute, berrikuntzak ere badakartzana, beste edizio batzuen aldean. Aurtengoak zortzi gune izango ditu, hots, ohi baino bi gehiago, eta eszena berri bat ere izango da. Goizetik gauera luzatuko den egitarau zabala prestatu dute, askotariko musika eskaintza izango duena, besteak beste.

Horrez gain, haurren txokoak izango dira Araba eta Lapurdi guneetan eta Xiberoa gunea dantzari eskainiko diote, egun osoan zehar arituko baitira bertan hainbat dantza talde. KEI gune berrian Kattalin Elizalde kolegioa kirol gune bilakatuko dute eta pilota partidak izango dira goiz osoan zehar, baita profesionalen artekoa ere.

Baxe Nafarroa gunean, ostera, Erronka nazionala gauzatuko dute, Euskal Herriko txoko desberdinetako bost ikastola joko eta jolas bidez lehiatuko baitira, goizeko 10.00etatik aurrera.